Herrian zehar ikusi ditugun sanpedroetako kartel koloretsuen egilea da Unai Arruti Benito diseinatzaile gazta. Ceinpron ari da ikasten eta bi urte barru egingo du salto lan mundura. Bitartean, horrelako lehiaketak irabaztea motibazio handia dela aitortu du.
Zer adierazi nahi izan duzu kartel honekin?
Kartel irabazlean, Lasarte-Oriako pertsonaia guztiak sartzen saiatu naiz; buruhandiak, sorgin dantza, umeak uretan jolasten etab. Guzti horiekin, festetaz gozatzen ari den kuadrilla bat osatu dut. Ikusten den pertsona zentrala ez dakigu neska edo mutila den, generorik gabe, pertsona bat izatea nahi nuen. Pertsonaia nagusi horrek festetako blusa alai bat eramatea ere berebizikoa iruditu zitzaidan, guztiok mantentzen dugulako kuadrillen blusa tradizioa. Karteleko ardatzetik kanpoaldera begira, festetako aspektu ohikoenak ere irudikatu ditut, blusa janzten ez duen edozeinek ere elementu horiek identifikatu ditzan. Hala nola, betiko buruhandiak, suziriak eta baita Lasarte-Oriako bi monumentu ere: udaletxe berria eta Tajamar biribilgunea.
Aurkezten zaren lehenengo urtea da?
Bai, aurten izan da lehenengo aldia. Aurrekariak izateko, aurreko urteetako kartelak begiratu nituen eta pentsatu nuen aurten gai izango nintzela kartel irabazle bat aurkezteko. Hortaz gain, lasarteoriatarra izanik, ilusio handia nuen herriko festak aurkeztuko zituen diseinu bat aurkeztea, eta are gehiago aukeratua izatea.
Nolakoa izan da kartelaren sorkunt-
za prozesua?
Hasieran duda asko izan nituen; aurreko urteetako kartel askok sorgin dantza zuten ardatz, baina nik gure jaietako elementu guztiak sartu nahi nituen kartelean, eta horien antolaketa egitea izan zen lanik zailena. Bakarka elementu guztiak irudikatu nituen, baina horien arteko konposizioa osatzea izan zen pausorik neketsuena. Kartelean ikusten den bezala, pertsona zentralak sei beso ditu, eta, nolabait, elementu guztiak barneratzeko beharraren erantzuna da hori… sanpedroak osatzen dituzten elementuak eusten ari da pertsonaia nagusia.
Eta teknikoki? Zein prozesu jarraitu zenuen lan honen emaitza lortzeko?
Aurrena eskuz marraztu nuen paperean eta ondoren ordena-
gailuko programa batekin digi-
talizatu nuen marrazkia. Nik Illustrator programa erabili dut, eta, horrela, arkatzez egindako lerroak eta gainerakoak finago geratzea lortu dut.
Norbaiten kolaborazioa izan duzu?
Lan konkretu honetan ez, baina, nahi gabe, klasekideen eragina jaso dut; lehenago esan bezala, konposizioa izan da atalik neke-
tsuena eta gomendio eta iritzi erabilgarriak jaso ditut horren inguruan.
Zein estilotan sailkatuko zenuke kartela?
Zaila egiten zait estilo batekin izendatzea. Surrealista dela esan daiteke besoengatik; erabilitako kolore eta blusako motiboak kontutan hartuta, Pop Art kutsu bat ere baduela esango nuke. 1980ko hamarkadan egiten ziren diseinuak gogorarazi dizkiola ere esan izan dit norbaitek. Orokorrean, oso koloretsua da kartela. Jaiak izanda, ezin zitekeen minimalista edo kolorerik gabeko zerbait aurkeztu. Alaitasuna adierazi behar da, eta horretarako elementu asko batu eta kolore asko erabili behar dira.
Kartela alde batera utzita, nolako diseinuak egiten dituzu? Zein da zure estiloa?
Oraindik asko definitu gabe
dagoela uste dut. Urtebete bakarrik daramat, eta ez dut nire burua estilo bakar batean finkatzen. Gehienetan, buruan dudan ideia jarraitzen dut, nire sormenak ematen dizkidan baliabideak aprobetxatuz. Alegia, ez naiz paper zuriaren beldur, eta hortik hasi nintzen sanpedroetako kartelaren kasuan ere.
Garrantzi handia ematen diot diseinuak daraman mezu inplizituari. Bigarren aldiz begiratutakoan ulertzen diren diseinuak gustatzen zaizkit. Lelo batek duen indarra handia da, baina nik nahiago dut marrazki baten bidez mezua helaraztea.
Zure influentzia artistikoak parte-
katuko zenituzke gurekin?
Influentzia desberdin askoren arteko nahaste baten ondorio izaten dira nire diseinuak. Ezin dut bakarra aukeratu. Hala ere, badut besteengandik bereizten dudan idolo bat: Shepard Fairey. Obey markaren sortzailea da. Disei-
natzaile hau, Andre the Giant WWEko borrokalariaren ilustrazio batekin egin zen famatu, baina gaur egun egiten dituen diseinuak transzendentalak bihurtu dira. Alderdi artistikoan, arte tradizionalari begira, asko gustatzen zait Rene Magritte surrealista. Eta garaikidean, Haring margolaria.