Umorea eta kritika parodian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 27a, 02:51
Santa Ana eguneko ekitaldi nagusia da parodia. Ohi bezala akusatuek epaiketa gogorra jasan behar izan dute. Basajaunak ordea, epaia eman du eta sutan bukatu dute akusatuek.

Ohi bezala, aktore guztiek ederki afaldu dute Intza elkarteak prestatutako menu goxoari esker. Bukatzean desfilean atera dira denak herriko kaleetatik Okendora iritsi arte. Plazan puntual eman zaio hasiera parodiari. Mari Karmen Ormazabalek egin ditu aurkezle lanak eta berak hitza hartu eta aurtengo omenduak oholtzara gonbidatu ditu. Solano familiari egin dio parodiak aitortza, “belaunaldi ezberdinek pilota sustatzeko egindako lanagatik”. Unai Muñoak kantatu die bertso berezia.

Jarraian, parodiari hasiera eman zaio. Mariano Raxoi bera izan da gaur oholtzan. Panamako paperak edota dirua Suitzara eraman behar dela esan dute besteak beste. 

Udalbatzar aretoko aulkien polemika ere taularatu dute. Jesus Zaballos alkatea bera izan da oholtzan: “Udaletxerako altzari berritan egindako gastua haundikeri bat dela esaten ez dute ba?”. Kiroldegi berriaren proiektua zein Pedro Sanchezi aipamenak ez dira falta izan.

Herrian telebista saio bat grabatu behar omen dutela eta tronoa gora eta tronoa behera ibili dute alkatea eta pretendienta xelebreak.

Kiroldegi berria gai mamitsua izan da “nik uste nuen kiroldegi berria egina zegoela jada, “propaganda elektoraletan” nik argazki eta guzti ikusia nuela ziurtatuko nuke…. baina ez, ez dago kiroldegi berririk, proiektua ere ez dago egina, kokalekua ere ez dakigu zein izango den, nola liteke!".

Errausgailua apaizak defendatu du: “Entzun, anai-arrebok, errauskailuak fedea berreskuratzeko eta peregrinazio lekua bilakatu daiteke. Azkenean Santiagon zer dute? Santu bat lurperatua? Keba, hori oraindik ez dago demostratuta, eraikin izugarri bat? Ba errauskailua bezala. Baina ez, exitoa daukana Botafumeiroa da! Hor joaten dira giri pila bat”.

Teknologia berriek ere izan dute lekua eta Yo soy de Lasarte-Oriari esker kotilleo dosia asetuta agertu dira herritar batzuk.

Epaiketak ordea ez du bukaera desberdinik izan. Basajaunak akusatuak sutara bidali ditu beste urte batez. Herritarren txalo zaparrada luzeak itxi du gaua.

Santa Ana eguneko arratsalde/gauak utzitako argazkiak