Umorea eta hitza, Udaberriko bertso saioan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 6a, 12:30
Maiatzaren 14an, 22:30etik aurrera, bertsozaleek hitzordua dute Manuel Lekuona kultur etxean. Ttakun kultur elkarteak eta Earra! Bertso eskolak elkarlanean antolatutako 'Berritsuketan bertsotan' Udaberriko bertso saioa izango da.

Bertso saio berezia izan ohi da, bertsoa kultura adierazpen ezberdinekin uztartzen baita honetan. Aurreko urteetan literatura testuak, abestiak edo dantza izan ditu oinarri. Aurtengoan, berriz, bakarrizketak izango dira protagonistak.

Umorea nagusi

Oholtza gainean, bakarrizketa edo antzerki munduko jendea, zein horrelako emanaldietan lehen pausoak ematen ausartu diren herritarrak izango dira.   

Bakarrizketetan gai ezberdinak jorratuko dira, baina hauek ez dira zertan bertsoen gaiak izango.

Izan ere, aurkezle lanetan Bea Egizabal izango baita eta  bakarrizketak entzun ostean jarriko baitizkie gaiak bertsolariei.

Erronka honi aurre egiteko, maila handiko hirukoa izango da: Ane Labaka herritarra, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, emanaldian barre eta algarak ugariak izango dira.

Sarrerak

Bertso saioa ikusi nahi duten herritarrek Manuel Lekuona kultur etxeko leihatilan salgai dituzte dagoeneko sarrerak. Prezioa 5,50 euro da.

Baina Ttakun Kultur elkarteak bere bazkideen artean bertso saioko bi sarrera zozketatu ditu. Onuraduna Ainhoa Illarramendi Isasi izan da eta doan gozatuko du emanaldiaz.