Umorea bertsokatuz

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 15a, 17:13
Umorea eta bertsoa izan ziren “Berritsuketan bertsotan” emanaldiaren ardatza. Larunbatean Manuel Lekuona kultur etxera gerturatutako herritarrek gau atsegina igaro zuten lehen mailako bertsolari eta bakarrizketalariekin. Gaurkotasun handiko gaiak jorratu zituzten; batez ere, Lasarte-Oriarekin eta kulturarekin zerikusia dutenak. Formatu berritzaileak arrakasta izan zuen.

Bakarrizketak eta bertsoak izan ziren larunbat gaueko protagonistak Manuel Lekuona kultur etxean.

Beatriz Egizabalek gidatutako saioak umorea eta kultura izan zituen ardatz, baina gaurkotasuneko beste zenbait gai ere jorratu zituzten.

Andoni Egaña, Ane Labaka eta Maialen Lujanbio bertsolariek berritsuek jorratutako gaien gainean kantatu zuten. 

Besteak beste, Donostia 2016 kultur hiriburutza eta bere eraginak, sagardotegi garaian egiten diren eraso sexistak, herentziek sortutako gatazkak eta kultur aniztasuna landu zituzten.

Adarjotzerako ere tartea izan zen. Adibidez, Lasarte-Oriaren eta Hernaniren arteko tirabiren inguruan kantatu zuten, Lujanbio hernaniarra dela baliatuz. Egañari, aldiz, gaztetan gandorrik ba ote zuen galdetu zioten.

Intza Alkain, Martin Anso, Mirentxu Egizabal, Mailu Arruti eta Bea Egizabal bera izan ziren auditorioa barre eginarazteko ardura hartu zutenak. Mikel Bermejo ezin izan zen Manuel Lekuona kultur etxean egon, baina bideo bitartez bere bakarrizketarekin gozatu zuten ikusentzuleek.

Maratoia

Euskararen 9. Maratoia aurreko astean aurkeztu zuten, eta bideoklipa ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Aurtengo goiburua “Irten armairutik!” izanik, hizkuntzari dagokionez armaiturik ateratzea zer den galdetu zioten Lujanbiori.

Euskararen inguruan lana egiten duten zenbait elkarteren urteurrena ospatzen dutela eta, Martin Ansok ‘Zorionak zuri’ hunkigarria eskaini zien.

Beste behin, bertso saio berritzailea osatu zuten denen artean. Aurtengo oinarria umorea izan da, aurrekoetan literatura, musika edo antzerkia izan ziren moduan. 2017an zer prestatuko ote duten galdezka geratuko ziren ikusle batzuk.