Iaz herritarrek aurrekontuetan parte hartzeko prozesuan aukeratu zuten Uistin kalea berriro urbanizatzea, eta udalak dagoeneko badu esku artean proposamena: 28 aparkaleku gehiago egingo dituzte, eta dagoen 23rekin batera, 51 izango dira guztira. "Egiten ditugun inkesten arabera, Lasarte-Oriako arazo nagusia aparkatzeko zailtasunak dira. Proposamen honekin arazoa konpondu nahi dugu", esan du Jesus Zaballos alkateak.
Hipodromo etorbidetik Uistin kalera sartzean eskuinera dagoen espaloian egingo dituzte lanak. Linean dauden aparkalekuak kenduko dituzte, eta gehiagorentzako tokia egiteko, baterian ezarriko dituzte. Halere, alkateak ohartarazi du dauden zuhaitzak bere horretan utziko dituztela. Hori bai, espaloia estutu egingo dute. "Denda gutxi daude, eta etxebizitzen ataririk ez dago. Espaloia zabala da eta horregatik erabaki dugu alde honetan lanak egitea", esan du Zaballosek. Bide batez, lanak aprobetxatuko dituzte kaleko argiak aldatzeko eta LED argiak jartzeko. "Juan XIII eta Zubietako plazetako etxe atarietan ere argiak jarriko ditugu".
Agustin Valdivia Hirigintzako zinegotziak lanen xehetasun gehiago eman ditu: "301.690 euroko kostua du, eta obrak hastean sei hilabetean egina egongo da". Proiektua onartuta dago, eta orain enpresek haien proposamenak aurkeztu beharko dituzte. "Litekeena da prezioa eta denbora murriztea lehiaketan", esan du Valdiviak. Hiru hilabete barru proiektua adjudikatua egotea espero dute. "Bizilagunei eta dendei ahalik eta kalte gutxien eragiteko, enpresari eskatuko diogu koordinazio plan bat edukitzea", ohartarazi du alkateak.
2018ko aurrekontuak
Azken parte hartze prozesuan 312 herritarrek parte hartu dute. Argiteria publikoa hobetzea eta kale garbiketa hobetzea izan dira herritar horiek aukeratutako proposamenak. 1.112 eta 951 boto jaso dituzte, hurrenez hurren. Halere, udal gobernuak "hainbat arazo" antzeman ditu prozesu horretan, eta hurrengoan horiek saihesteko arau erregulatzaile batzuk adostuko ditu.