Udalbatzarrera heldu da Atsobakarko auzia

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 15a, 10:21
Zahar etxean daudenen hainbat senitartekok irregulartasunak salatu dituzte, baina Gipuzkoako Aldundiak ebatzi du ez dela horrelakorik egon. Lasarte-Oriako eta Donostiako lurren bateragarritzeak aurrera egin du, Leroy Merlin eraiki ahal izateko

Ikasturtea hasi da udalbatzarrean ere. Abuztuko etenaldiaren ostean, aste honetan egin dute iraileko batzarra zinegotziek. Eguneko gai zerrendan egon ez arren, Atsobakar zahar etxeko auziari buruz galdetu dute zinegotziek. Hain zuzen, aste honetan ebatzi du Gipuzkoako Aldundiaren ikerketak langileen aldetik ez dela irregulartasunik egon.

Hainbat hedabidek egin zituzten publiko zahar etxeko ustezko irregulartasunak, zentroko adinekoen senitartekoen testigantzak hartuta. Antza denez, abuztuan emakume bat gauez harrapatuta geratu zen korridorean, gelara sartu ezinik. Lehioari kolpeka hasi zen, eta Udaltzaingoa bertaratu zen, bizilagunek ohartarazita. 

Udalak informazio guztia Gizpuzkoako Aldundiaren eskuetan utzi du. Hain zuzen, aste honetan Batzar Nagusiak bildu dira, eta Maite Peña Gizarte Politiketarako diputatuak argitu du ez dituztela irregulartasunik aurkitu. 

Leroy Merlin 
Bestalde, hirugarren puntua salbu, ez da desadostasun nabarmenik egon biltzarrean. Leroy Merlin eraikitzekoak diren eremuak bateragarritzeko puntuak piztu du PSE-EEren eta EH Bilduren arteko eztabaida. 

Lasarte-Oriako A-33 Teresategi eremua eta Donostiako  AÑ.10 Recalde (II) eta HAPOren Bide Sistema Orokorraren eremuen bateragarritze plana onartu du batzarrak, aldeko bederatzi botorekin, aurkako hirurekin eta lau abstentziorekin. Eremu horretan dira eraikitzekoak Leroy Merlin multinazionala. 

Aurreko udalbatzarreko eztabaida errepikatu dute udal ordezkariek: EH Bilduk proiektua kritikatu du, herriko merkatariei kalte egingo diola argudiatuta. PSE-EEk, berriz, ohartarazi du Lasarte-Oriako lurretan eraiki ezean, Donostian egingo dutela berdin-berdin, herritik hurbil, eta, modu horretan, gutxienez zerga bilketa handitu eta lanpostuak sortuko dituztela herrian. 

Gai zerrendako beste puntuak arazorik gabe onartu dituzte. Maitzaren 26ko batzarreko aktei aho batez eman diete oniritzia. Bestetik, 2017. urterako Taula Organikoa eta Lanpostuen Zerrenda aldatzea adostu dute. Horrela, Hirigintzako Administrari lanpostu bat amortizatuko dute, eta Zerbitzuetako Administrari Laguntzaile lanpostu bat sortuko dute. Baiezko hamabi boto jaso ditu proposamenak, eta lau abstentzio. 

EH Bildu ados agertu da asmoarekin, baina prozeduraren aurkako zalantzak plazaratu ditu. "Langile batzordearen iritzia jaso dugu, eta onartzen dugu amortizazioa, lanpostua beste departamentu batean sortzeko. Baina uste dugu beste bide batzuk hartu zitezkeela", adierazi du Pablo Barriok, EH Bilduko bozeramaileak. 

Zabaleta-Berri lursailak 
Zabaleta-Berriko lursailaren salmentaren prozesuak ere bere bidea egin du. Enpresa bakar bat aurkeztu da lehiaketara: Urkilla SL. Kontratazio mahaiak onartu du eskaintza, eta udalbatzarrak orain onartu du enpresa horri beharrezkoak diren agiriak eskatzea.