Udalak lankidetza hitzarmen bat sinatu du herriko lau kirol zentro pribaturekin

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 31a, 19:28
Yogalasarte, Aerobic Saito, Koroibos CrossFit eta Miracampos hipika zentroan deskontua izango dute kiroldegiko bazkideek. Trukean, kirol zentro horiek udal instalazioak erabili ahal izango dituzte ekitaldiak antolatzeko

“Bide berri bat ireki da”. Lasarte-Oriako Udalak lan hitzarmen bat sinatu du lau zentro pribaturekin, elkarren artean “sinergiak sortzeko” helburuz. Jesus Zaballos alkateak eta zentro horien ordezkariek izenpetu dute akordioa. “Beharrezkoa da administrazio publikoak eta enpresa pribatuek elkarrekin lan egitea herritarren mesederako”, adierazi du Zaballosek. Horrela, kiroldegiko bazkideek deskontuak izango dituzte zentro pribatu horietan, eta hainbat jardueratan parte hartzeko bidea erraztuko diete. Kirol instalazio pribatu horiek ere izango dituzte onurak: haien ekintzak egiteko kirol instalazioak eskuragarri izango dituzte, baita udalaren babesa ere, hala nola, Udaltzaingoaren laguntza, udalaren hesiak, oholtzak, zabor-kontainerrak, argindarra eta beste baliabideak erabiltzeko aukera.

Yogalasarteko Juan Jose Urbietak, Miracampos hipikako Maria Velillak, Koroibos CrosFiteko Alejandro Tomasek eta Aerobic Saitoko Patricia Martinek sinatu dute ituna. Alkateaz gainera, Txus Alonso Kirol zinegotzia eta Karlos Altuna kiroldegiko kudeatzailea izan dira ekitaldian. “Gipuzkoan egin den gisa honetako lehen ituna da. Antzeko ereduak bilatu nahi izan ditugu, baina hemen inguruan ez daude”, esan du Altunak.

Itunari esker, kiroldegiko jarduerez harago, kirolaz gozatzeko aukera zabalagoa izango dute bazkideek. Yogalasartek tarifaren gaineko %20ko deskontua eskainiko die. Astelehenetan eta asteazkenetan, 09:30etatik 11:30etara, eta asteartetan eta ostegunetan, 20:30etik 22:00etara eskaini ditu eskolak Yogalasartek.

Aerobic Saitok %25eko deskontua jarriko du bazkideen esku. Astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 17:00etara, spinning, aerobic, step, zumba, pound fit eta jumping fitnessa egin dezakete bazkideek. Muskulazio aretoan aholkulariekin entrenamenduak egiteko aukera ere badu gimnasioak.  

Miracampos hipika zentroak hastapen eskoletan egingo die beherapena kiroldegiko bazkideei; hamar eskolatako bonoan %20ko deskontua izango dute. Honako ordutegiak eskaini ditu Miracamposek: astelehenetan 18:30ean, ostiraletan 18:30ean, larunbatetan 13:00etan, eta igandetan 17:30ean.

Koroibos CrossFitek ere tarifa murriztua eskainiko die bazkideei: hiru hilabeteko bonoa 135 eurotan izango dute eskuragarri. Eskainitako ordutegiak honakoak dira: asteartetan eta ostegunetan, 07:00etatik 08:00etara, 10:30etik 11:30era, eta 20:30etik 21:30era; astelehen eta asteazkenetan, 13:15etik 14:15era.  

Urtebeteko iraupena du itunak, eta uztailaren 1ean sartuko da indarrean. Halere, alde guztiek hitzarmena luzatzeko borondatea agertu dute. “Espero dugu bidea luzea izatea. Bazkideek udal instalazioez gozatzeaz gainera, nahi dugu beste kirol zentro horietan, familia txiki horietan, sartzea”, esan du Zaballosek.