Udalak bultzatutako herritarren parte hartze prozesua "burla" bat dela salatu du PPk

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 26a, 10:30

312 lasarteoriatarrek eman zuten bozka udalaren parte hartze prozesuan. Egitasmo hori "porrota" izan dela azaldu du Alejandro Saenz alderdikideak

Legegintzaldia hasi zenetik, bi aldiz egin du Lasarte-Oriako Udalak herritarren parte hartze prozesua. Hitz gogorrak egin ditu Alejandro Saenz Alderdi Popularreko bozeramaileak prozesu horren aurka; egitasmo hori  "porrota" izan dela leporatu dio udalari.

312 herritarrek parte hartu dute prozesu horretan, eta Saenzen ustetan, kopuru hori "eskasa" da. Baina ez zaio guztiz deigarria egin: "Herritarren lehentasunetatik kanpo geratzen diren proiektu sozialistak dira".  

Jesus Zaballos alkatearen aurka egin du, eta "arduragabekeria" egotzi dio.Saenzen esanetan, herritarrei hitzemandako proiektuak epez  kanpo betetzen dituzte. Horren adibide gisa jarri du udalaren gardentasun ataria eta  2018. urterako aurrekontuak. 

Herritarrak udalera gerturatu

Haatik, Lasarte-Oriako Udalak beti defendatu du parte hartzeko prozesua, herritarrak udaleko kudeaketara gerturatzeko tresna gisa. Modu horretan, bozketa bidez herritarrek aurrekontuaren zati bat zertan gastatuko den erabakitzeko aukera dute. Hain zuzen, prozesu honetan aurrekoan baino jende gehiagok parte hartu du. 

Edonola ere, udalak "hainbat arazo" antzeman ditu prozesu horretan, eta adierazi du horiek zuzentzeko  neurriak hartuko dituela. Horrela, udal gobernuak aurrekontu partizipatiboen araudi bat landuko du, prozesu horiek "benetan" erantzun diezaioten herritar guztiei irekitako egitasmo bati.