Udalak Alokabideri 16 etxebizitza utziko dizkio

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 26a, 12:00

Astearte goizean bildu zen udal gobernu taldea ezohiko udalbatzarrean, eta beste zenbait punturen artean, Alokabide eta udalaren arteko hitzarmena, Udako Txokoen tasa berriaren ezarpena eta 2017. urteko Taula Organikoa eta lanpostuen zerrenda aldatzea adostu dituzte

Alokabide eta udalaren arteko hitzarmen proposamenak zabaldu du astearteko ezohiko udalbatzarra; Lasarte-Oriako Udalak itun bat egingo du Alokabiderekin (Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoa). Udal alderdi guztiek aldeko bozka eman diote proposamenari, eta, honenbestez,  hamasei pisu utziko dizkio udalak erakunde publikoari, herritarren eskura jar ditzan. 

Urtarrileko ohiko udalbatzarra igarota, ezohiko batzarrera eraman dituzte zenbait gai. 09:00etan eman zioten hasiera plenoari. Ohiko udalbatzarrean baino gai gehiago izan dituzte eztabaidarako aldi honetan; guztira bost puntu eztabaidatu dituzte.

Alokairu sozialak sustatzearen alde agertu dira alderdi guztiak. Halere, boto azalpena egin du EH Bilduko Pablo Barriok, eta proposamenaren puntu batean kritiko agertu da. Etxebizitza horiek eskuratu ahal izateko baldintzetako bat da gutxienez hiru urtez Lasarte-Orian erroldatua egotea. Baldintza hori "populismoa" dela uste du Barriok. 

EH Bilduren azalpenarekin batera, Jon Antxordoki EAJko kideak ere hartu du hitza; azaldu du aurreko legegintzaldian gaiarekiko adostasun berbera mantentzen duela, baina itxaronaldia luzea izan dela.

Udako Txokoak

Udako Txokoen tasa berrien ezarpena izan da eztabaidatutako bigarren gaia; aurtengo udaberrian lizitaziora aterako da egitasmoa. Guztiak ados agertu dira puntuarekin, eta aldeko hamahiru bozkarekin proposamena onartu dute. Hala ere, boto ondorengo azalpena eman du Barriok. Orain arte, Ttakun Kultur Elkartearekin etekin asmorik gabeko zerbitzu bat izan dela azaldu du, ekonomia sozialari jarraiki egin dira urte luzeetan Udako Txokoak. Aldaketarekin, berriz, etekina bilatu nahi dela uste du: "Zerbitzua pribatizatu nahi da".

Hirugarren eta laugarren puntu gisa, udaleko bi lanposturen hizkuntza eskakizuna izan dute hizpide. Zerbitzuetako administrazio laguntzailea eta diruzaina dira lanpostu horiek, eta horietan jarduteko hizkuntza eskakizunak aurkeztu dituzte; administrari laguntzailearentzako (aldeko hamabi botorekin, eta aurkako bakarrarekin) bigarren mailako hizkuntza profila adostu da, eta diruzainarentzako (bederatzi aldeko botorekin, aurkako hirurekin eta abstentzio bakarrarekin), aldiz, hirugarren profila.

Batzarrari amaiera emateko,  2017. urteko taula organikoa eta lanpostuen zerrenda aldatzea bozkatu dute, eta horrek ere aurrera egin du  aldeko bederatzi botorekin (PSE eta ADLOP).