Urtebete falta da udal eta foru hauteskundeetarako, baina dagoeneko alderdiak hasiak dira prestatzen. Azken asteetan hainbatek eskuorriak banatu dituzte postontzietan, eta hemendik aurrera hasiko dira boto-emaileak erakartzeko estrategiak aurrera eramaten. PSE-EEk legealdi honetako hiru laurdenen balorazioa egin du. Hitz emandakoaren %80 bete dute hiru urtean, Jesus Zaballos alkatea eta Iñaki Mujika Lasarte-Oriako sozialisten idazkari nagusiaren arabera. Alegia, hauteskunde programako 147 proposamenetatik 118 bete dituzte; beste hogei une hauetan ari dira gauzatzen, eta bederatzi geratzen dira egiteko. Batzuk ezingo dituzte bete, "udalaren ardura ez diren kanpo arrazoiengatik". Atsobakarreko kirol gunea da horietako bat. "Usurbilgo Udalaren baimenak behar dira, baina ez badizkigute ematen, epaiketara joango gara".
Mujikak azaldu duenez, "proposamen egingarriak" dira PSEk aurreko hauteskundeetan egindakoak, horregatik bete ahal izan dituzte gehienak. Besteak beste, aipatu ditu Zabaletako frontoia, Uistin kaleko berrurbanizazioa, Basaundi bailarakoa, Jaizkibel plazakoa eta etxebizitzen alokairu soziala. "Gardentasuna da gure obsesioa, eta hurrengo hauteskunde programa ere errealista izango da. Politika gainbeheran dagoen uneotan, merezi duela erakutsi behar dugu".
Oposizioaren aurka
Zaballos alkatearen ustetan, herritarren "balorazioa positiboa da". Oposizioarentzako hitzak ere izan ditu, batez ere EH Bildurentzat. "Hasi dira gauzak mugitzen, esaten ez dugula bete hitz emandakoa. Agian ezjakintasunarengatik izango da. Lau urte gobernatzen egon arren, ez dute administrazio publikoa ezagutzen".
Atsobakarreko kirolgunea
Badira programan txertatu baina beteko ez dituzten promesak. Zaballosen esanetan, batzuk zentzua galdu dutelako. Beste batzuk, ordea, ezinezko egin zaizkielako. Atsobakarreko kirolgunea da horietako bat. "Usurbilgo Udalak xantaia egin zigun, aldundiari bide gorri bat egiteko eskatu ziezaiogun". Bide hori baztertuta, Usurbilgo partzelak erabili gabe osatu dute proiektua. Baina Usurbilen baimena jasotzea falta zaie. Zaballos: "Propio ari dira luzatzen. Herriko EH Bildurekin ari dira komenientzian. Baina irailerako ez badigute erantzun, epaiketara joango gara".