Udal Musika Eskolaren 2017-2018rako eskaintza

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 4a, 18:52
Maiatzaren 8tik 19ra egongo da irekita Udal Musika Eskolako derrigorrezko aurrematrikula. Eskabidea egitean, kuotaren %10a ordaindu behar da, ondoren lehenengo ordainketan deskontatuko dena.

4 mailatan sailkatuko da 2017-2018 kurtsoko eskaintza. Lehenengo maila lau txokotan banatzen da, adinaren arabera, 2010-2013 urte bitarteetan jaiotako umeak aintzat hartuta (277,80 euro erroldatuentzat). Bigarren eta hirugarren mailatan bi talde osatuko dira 8 urtetik gorakoentzat eta 14 urtetik gorakoentzat. Bi eta hiru mailatan eskainiko dira: musika hizkuntza, kontserbatoriorako sarrera froga prestatzeko musika hizkuntza, armonia, instrumentu taldea, kamara, abesbatza, folk taldea, akordeoia, biolina, zeharkako flauta, gitarra, gitarra elektrikoa, pianoa, trikitixa eta panderoa, tronpeta eta txistua. Nahi izan ezkero, instrumentuak ikasleei uzteko aukera izango da. Derrigorrezkoa izango da kamara edo instrumentu taldeko gaia 3. mailakoentzat eta 2 urte baina gehiago dituzten 2. mailakoentzat. Haurrentzako abesbatza eta helduentzako abesbatza taldeak ere izango dira eta laugarren maila bat osatuko da instrumentu taldean bakarrik jarraitu nahi dutenentzat (bigarren maila gainditua izan behar dute).

Musika Eskolako prezioak erroldatuentzat (hileroko 10 kuotatan zatikatu ahalko dira): musika hizkuntza (277,80 euro), musika tresna (277,80 euro), txistua edo akordeoia (217,55 euro), musika hizkuntza eta tresna bat (514,65 euro), musika hizkuntza eta txistua edo akordeoia (403,30 euro), korua (46,55 euro), kamara (139,65 euro), armonia (262,35 euro) eta musika tresnako taldea (91,65 euro). Salbuespenak edo hobariak izan ditzakete Gizarte-Larrialdietarako Laguntzen prestazio ekonomikoren bat jasotzen duten familiak, Gazte txartela Munizipalaren edo Eusko Jaurlaritzaren titularrek  (%10eko deskontua), famili ugarientzat (%30eko deskontua) eta unitate familiarreko bi kide edo gehiago matrikulatzen diren kasuetan.