Udal gobernuaren parte hartze prozesuarekin kritiko Ahal du Lasarte-Oria taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 18a, 10:23
Arkaitz Naya Ahal Du Lasarte-Oria taldeko bozeramaileak berriki udalak aurkeztutako parte hartze prozesuaz hitz egin zuen agerraldian.

“Zer da benetan alderdi sozialistarentzat herritarren parte hartzea?” Nayak azaldu zuenez, Ahal Du Lasarte-Oriaren ekimenez udalbatzarrean onartu zen mozio bat non eskatzen zen parte hartze prozesu bat gauzatzea. Honen bidez nahi zen Lasarte-Oriako bizilagunek herrian egin nahi diren proiektuen inguruan eskumena izatea proposamenak egiteko edota proiektuak berak aukeratzeko. Horrekin batera, “herritarrek eskatutako proiektuak gauzatzeko, 2017ko aurrekontuetan gutxienez 500.000 euroko partida jasotzea eskatu genuen”.

“Ezusteko txarra izan dugu udal gobernuak etxeetara bidali duen esku orria ikusterakoan. Izan ere, gure ustez, esku orri honen bitartez herritarrei sinistarazi nahi zaie parte hartze prozesu batean ari direla parte hartzen”.

Nayaren iritziz, bizilagunei proiektuak aukeratzeko eskumena eman beharrean, udal gobernuak lau egitasmo aurkezten ditu “hain justu euren hauteskunde programan jasota zeudenak. Euren webgunean jartzen duenez, lau hauek gauzatzeko dituzten beste 32 konpromisoaren parte dira”.

Gaineratu zuen 5. proposamena egiteko aukera jaso dela “baina oso zaila iruditzen zaigu herritarren proposamena gailendu eta hau gauzatzea izan ere, jende askok berdina jarri beharko luke”.

Aipatu zuenez, “gure taldeak eskatzen zuena erraza zen, herritarrei galdetu zein proiektu gauzatu herrian, proposamenak jaso, publiko egin eta boto gehien jasotzen zuena aurrera eraman”.