Udaberriko kolore eta usainak Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 21a, 19:21
Udaberri giroa arnastu dute herritarrek gaur, Okendon. Eta ez bakarrik eguraldi eguzkitsuagatik: hainbat saltzailek ekarritako lore eta landare koloretsuek ere lagundu dute. Jende andana ibili da plazan, goiz osoan zehar

Arrosak, eguzkiloreak, bitxiloreak, ukendu naturalak, etxean egindako eztia...eta eguraldi eguzkitsua. Udaberria iritsi da Okendora gaur goizean. Lore eta Landareen azokaren VI. edizioa antolatu dute Behemendi elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak. Lasarteoriatarrak ez dira etxean geratu, eta plazatik paseotxoa eginez, aurtengo azokan parte hartu duten hamabost postuetako produktuak ikusi eta erosi dituzte. Horien artean, egon da herriko bat: Lasarte-Oriako Hazi Ekologikoak.

Bien bitartean, gaztetxoek primeran pasa dute, jolasten: tokan, arrantzan, uztaiak jaurtitzen... Landareekin hartu-emanak ere izan dituzte, antolatzaileek espreski haurrentzat prestatutako tailerrean. Ikasi dute hainbat landare nola landatzen diren, lore mota desberdinek nola duten izena, eta beste hainbat gauza ere bai.

Lore eta Landareen azokaren aurtengo edizioan parte hartu duten postuak hauek dira: Viveros El Montañes, Zunoyar lorategia, Islaya, Ortuberri, Arizkurengo Tienduka, Urtinea, Lore Prentsatua, Lasarte-Oriako Hazi Ekologikoak, Oiaralda SL, Sojo Natura, Sara Letamendia, Aranburu Mintegia, Loraldi, Amis Flower Truck eta Tissus Artisautza.

Argazki galeria