Udaberriko bertso saioa gaur

Txintxarri Aldizkaria 2015ko mai. 29a, 13:00
'Doinuak lumaz' bertso saioa gaur izango da Manuel Lekuonan bertan izango dira 11 idazleren testuak Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Ane Labakari gaiak jar-tzen. Herriko bertsolaria Gipuzkoako Txapelketako sailkapenean murgilduta dago eta gaurkoaz gain, igandean izango du txapelketako bigarren saioa.

Gaur 22:00etan hasiko da Ttakunek antolatu ohi duen Udaberriko bertso saioa. Aurtengoan, 11 idazlek idatzitako testuek jarriko diete gaia Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Ane Labaka bertsolariei. Udaberriko bertso saioa ez da ohiko bertso saio bat izaten. Hau dela eta, bertsolariek ere lan zaila izaten dute batzuetan. 

Ane Labaka da herriko bertsolari bakarra gaur oholtzan eta gainera sasoian dago, Gipuzkoako txapelketako sailkapenean murgilduta baitago azken asteetan. Hain juxtu, igandean du txapelketako bigarren saioa Zizurkilen 11:30ean. Aurrenekoa irabazi egin zuen.

Gaurkoan Ane Labakak bertso saio polita espero du. “esperimentazioarekin lotutako saioek eta betiko formetatik urruntzen direnek beldur pixka bat ere sortzen didate baina gogotsu nago”.  

Idazleek idatzitakotik abiatuta kantatu beharko dute bertsolariek “beraiek lan ona egingo zuten, ziur, zailagoa izango da ordea beraiek idatzitako horren gainean inprobisatzea. Zailtasun honek badu berarekin, hala ere, erakartzeko gaitasuna” dio Labakak.

Ezin gaiak aurreikusi

Literatur Txokoarekin ere saio berezia egin zuen Anek, kasu honetan 11 testu izango dira gaia jartzen. Zein gai espero dituen galdetuta, “auskalo, bertso afari literarioan bezala, ezinezkoa da zein gai jarriko diguten aurreikustea. Denetariko gaiak espero ditut, egunerokotasunarekin lotuak eta tartean hausnarketarako bide ematen dutenak ere bai”.

Horrelako saio bat prestatzea zaila da, “nik ez dut bereziki prestatzen. Ostegunean bertso-afari bat eta igandean Gipuzkoako Txapelketako saioa ditut, beraz, niretzat urteroko zita berezia izan ohi den arren, aurtengoan beste saio bat gehiago balitz bezala hartu eta ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz. Benetako prestaketa, saio hauen atzean dagoen lantaldeak egiten duena da. Guk joan eta beraiek bideratutakoarekin kantatzea baino ez dugu egiten. Beraiena da meritua”.

Orokorrean, “kartela potentea dela iruditzen zait, deigarria eta erakargarria. Ez zait iruditzen ostiral gau baterako askoz plan hoberik badagoenik. Horregatik, harrera ona izatea nahi nuke, eta herritarrak gerturatzea”.