Udaberriari hasiera eman aurretik, koloretako jantziekin negua agurtzeko festa

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 2a, 14:22

Euskal Inauteriek Lasarte-Oriako kaleak girotuko dituzte bihar. Egun osoko egitarau antolatu dute udaberriari ongi etorria eman aurretik negua festa giroan amaitzeko.

Baina datorren asteburuan ere inauteri festak hartuko du Lasarte-Oria. Horren aurkezpen egiteko, ostegun arratsaldean bildu ziren herriko hainbat konpartsetako kide eta udal ordezkariak.

 Otsailaren 10ean, eguerdian lehertuko da inauteri festa herrian. Ordu horretan, konpartsak bilduko dira Okendo plazan. 12:30ean, horien aurkezpena egin, eta ordubete beranduago, mozorroen lehiaketa herrikoia egingo dute. 

Eguerdiko bazkari herrikoiari hasiera eman aurretik, hiru konpartsa onenak aukeratuko dituzte.

Bazkalostean, indarrak berreskuratuta, bingoan aritzeko tartea izango dute herritarrek, eta hori amaituta, 17:00etan, karrozen desfileari ekingo diote. 

2018ko konpartsa parte hartzaileak

Zazpi konpartsa ibiliko dira Lasarte-Oriako kaleak girotzen: Jalgune, Zentro Zibikoa, Zabaleta, Sasoeta Sasoian, Erketz EDT, Intzak Parranda eta Larramenduzalez.

Okendo plazatik abiatuta, Kale Nagusian barrena Ola kalera joango dira. Ondoren, Zumaburu kalera iritsi eta berriz ere Kale Nagusitik Hipodromo etorbidean barrena, Okendon amaituko da berriz ere (Pablo Mutiozabal, Iñigo de Loiola eta Geltoki kalea ere igaroko dute).

Desfilea amaituta, 20:00etan, txokolate beroa hartzeko aukera izango dute. 23:00etan hasiko den disko jaiarekin amaituko da egun osoko mozorro festa.

Inauterien aurrekontua

Txus Alonso gazteria eta jaiak saileko zinegotziak jakitera eman duenez, 22.960 eurokoa izan da inauterietako aurrekontua. Kopuru horren zati nagusiena konpartsei zuzendu zaie; 11.100 euroko diru laguntza jasoko dute. Zentro Zibikoak 1.781 euro, Zabaleta Auzolan elkarteak 1.468 euro, Sasoeta Sasoian elkarteak 1.560 euro, Erketz EDT-ak 1.609 euro, Jalgune elkarteak 863 euro, Intzak Parranda taldeak 1.670 euro eta Larramendizalez konpartsak 2.150 euro.

Kopuru horiekin batera, 8.212 euro azpiegitura gastuetara zuzendu dira.

Udal ordezkariek dei egin diete lasarteoriatarrei inauterietan parte hartzera animatu daitezen.