Udaberri giroa herrian

IƱigo Gonzalez Sarobe 2017ko mai. 13a, 14:08
Atzoko egunean zehar Udaberri Festa izan zen protagonista Lasarte-Orian. Deskontu eta eskaintza bereziak hainbat komertziotan, gaztetxoenentzako puzgarriak, txaranga, dantza klaseak...ez zen ezer falta izan.

Udaberri giroa arnastu zen atzoko egunean zehar gure herrian. Aterpea merkatarien elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatutako Udaberri Festak hartu zituen denda eta kaleak. Lasarteoriatarrek gogotsu hartu zuten parte egitarauko ekintzetan.

Egun osoan zehar hainbat deskontu eta eskaintza berezi topatu zituzten Aterpeako bazkide diren komertzioetan. Hainbat izan ziren postu berezietatik pasa eta begiratu bat eman zutenak, baita produktu bat baino gehiago erosi ere.

Bien bitartean, gaztetxoenek primeran pasa zuten Juan XXIII, Zumaburu eta Urko plazetako puzgarrietan. Arratsalde partean kili-kolo ibili zen eguraldia, euri-tantaren bat edo beste erortzeraino, baina antolatzaileek erabaki zuten hasierako plangintzarekin aurrera egitea eta dena zegoen bezala mantentzea.

Puzgarriak hainbat plazetan, eta gorputza mugitzeko aukera paregabea Jaizkibel plazan. Amaia Gonzalez Caballeroren eskutik, gazte zein helduek funky-a eta dantza latinoak ikasi ahal izan zituzten, hurrenez hurren.

Eta, eguna biribiltzeko, Gautxori txarangak alaitu zituen kaleak. Aldaz Hortz Klinika paretik abiatu, Ainhoa tabernarantz egin eta erdigunera joan zen gero, udaberri giroa jarriz instrumentuen bitartez.