Txotxongiloek ere badakite ipuinak kontatzen

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 19a, 17:43
Emanaldi berezi batez gozatu zuten atzo arratsaldean herriko hainbat gaztetxok. Bi txotxongilok kontatutako ipuin ederrak ikusi eta entzun zituzten Gorakada teatro taldearen 'Titirikontukontari' emanaldiak iraun bitartean.

'Zapataria eta iratxoak', 'Barbantxo' edota 'Urretxindorra' bezalako ipuinak ikusi eta entzun zituzten atzo arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxera gerturatu ziren gaztetxoek. Ipuin kontalariak ez ziren nolanahikoak izan: bi txotxongilo arduratu ziren horretaz. Eurek ere badakitelako istorioak kontatzen.

Reyes Moleres eta Leyre Ucha aktoreek mugitu zituzten hariak, hainbat teknika erabiliz: 'Bunraku', Itzalak, Objektuak eta Abestiak. Teknika horiek denak uztartuz, ikuskizun dibertigarri, arin eta gustagarria taularatu zuen atzokoan Gorakada Teatro taldeak.