Zortzi piezak osatu dute gaurko egitaraua. Sonata en Re jo dute aurrena, eta, horren ostean, hainbat melodia uztartu dituzte, bata bestearen atzetik: Eusebio Basurkok konposatutako Kontradantza, Jesus Guridiren Mendiko soinuak, eta Jose Juan Santestebanen Bailes tradicionales vascongados. Naji Hakim Libanoko musikariaren Diptyque piezarekin itxi dute gaurko emanaldia. Ohi bezala, lepo bete da Brigitarren komentua, eta eserlekurik ez da geratu hutsik.
Komentuko sakristian aritu dira Ansorena eta Garcia, bertan baitago organoa. Eserlekuak, ordea, behean zeuden. Kontzertuaren xehetasun bakar bat ere ez galtze aldera, antolatzaileek pantaila erraldoi bat jarri dute. Udal korporazioko zenbait zinegotzi ere gerturatu dira Musika Topaketen irekierara, Jesus Zaballos alkatea tartean.