Olentzero eta Mari Domingirekin batera etorri da oparia. txintxarri aldizkariak webgune berritua du dagoeneko. Bukatuta daude Codesyntax etxeak egindako lanak, eta urtarrilean bertan argitaratuko da atari berritua. Izango ditu ezaugarri berezi batzuk. 2019. urteko azken berrikuntzekin eta joerekin eginiko webgunea izango da. Alegia, bereziki prestatua izango da sakelako telefonoetan albisteak eroso irakurri ahal izateko, eta ikus-entzunezkoez kalitate onean gozatzeko. Izan ere, Internet kontsumitzeko joerak asko aldatu dira azken urteetan. Orain gehiago dira sarean sakelakoaren bidez sartzen direnak, mahai gaineko ordenagailua gero eta gehiago alboratuta.
2007. urtean egin zuen sarerako jauzia Lasarte-Oriako aldizkariak. Ordutik hainbatetan berritu du itxura, betiere saiatzen azken joerak eta teknologiak eskainitako aurrerapenak baliatzen.
Webgune berriak ere kontutan hartuko ditu txintxarri-ren irakurleak eta erabiltzaileak. Izango du tartetxo bat komunitatearentzako, haien intereseko ekitaldiak eta beste kontuak argitaratu ahal izan ditzaten.
Halere, aurreko ataritik gordeko dira tresna baliotsu batzuk. Hemeroteka, esaterako. Atari berriko erabiltzaileek ere txintxarri-k orain arte Interneten argitaratutako albiste guztiak izango ditu eskuragarri. Beti bezala, Hemeroteka atalean hitz gakoa jarrita egin ahalko du bilaketa. Guztira 18.000 albiste inguru gordeko dira atarian.
Bestalde, herriko albisteez gainera, beste informazio baliagarria ere jasoko du atari berriak. Kultur eta kirol agenda, eguraldiaren aurreikuspena, oharrak...
Webgune berriak eskaintzen dituen abantailak aprobetxatuta, sare sozialak baliatzen jarraituko du txintxarri-k, Lasarte-Oriako albisteak herritarren eskura jartzeko, euskaraz.