Txertoak eta ihesaldiak izurriteari aurre egiteko

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 6a, 10:00
Zonbien gotorleku bihurtuko da hilaren 18an Lasarte-Oria. 'Survival Zombie' ekitaldia antolatu du udalak, gazteei "aisialdi alternatiboa" eskaintzeko helburuarekin

Odolez beteriko aurpegi eta puskatutako jantziak soinean, zonbiz beteko da Lasarte-Oria azaroaren 18an. Euskadin lehenengoz, 'Survival Zombie' rol jokoa egingo da. 

Horrela azaldu dute Jesus Zaballos alkateak, Txus Alonso zinegotziak, eta antolatzaileek prentsaurreko baten bitartez, eta bertan azaldutakoaren arabera, gazteei "aisialdirako alternatibak" emateko helburuarekin egin asmo dutela jakinarazi zuten.

Jokoan zehar partehartzaile ezberdinak egongo dira: zonbiak eta bizirik aterako diren pertsonak. Lehenak, mozorrotuta egongo dira, eta lepoko hori baten bitartez identifikatu ahal izango dituzte gainerako parte hartzaileek.Hauek, topatzen duten edonor kutsatu eta zonbi bihurtzen saiatuko dira.  

Zonbiak ez direnak, berriz, lepoko berdea eramango dute, eta ihesaldian arituko dira uneoro.  Zenbait proba gainditu beharko dituzte, ondoren, zonbiek Lasarte-Oria zergatik erasotu duten jakiteko. Lan horretan, zonbiak aurkituko dituzte, eta horien kutsadura ekiditeko. Behin kutsatu direnean, txertoak 8jokoa hasi aurretik erosi ahal izango dira) erabili ahal izango dituzte sendatu, eta zonbiengandik ihes egiteko. Hori bai, behin txertoak agortuta, zonbiek kutsatutako parte hartzaileak zonbi bihurtuko dira, eta gainerakoen bila joan beharko dira zonbi gisa. Jokoaren amaieran zonbien atzaparretatik ihes egitea lortu dutenak izango dira irabazleak.

Jokoaren hasiera Michelingo frontoian

23:00etan hasiko da jokoa Michelingo frontoian, eta goizeko 06:00ak bitarte, infekzioa zabaldu eta parte hartzaileak kutsatu eta zonbi bihurtzeko ahaleginetan arituko dira hasierako zonbiak. Behin jokoa amaituta, irabazleak ezagutuko dira. 

Dagoeneko 476 pertsonak eman dute izena, eta egunerako 1.000 parte hartzaile espero dituzte.

Sarreren salmenta

Uneotan 20 euro ordaindu beharko dituzte partehartzaile arruntek, baina Lasarte-Orian erroldatutako 15-30 urte bitartekoak, berriz, bost eurotako deskontua izango dute (ekitaldiaren egunean, NAN-a aurkeztu beharko dute errolda egiaztatzeko). Antolatzaileek itxuraldatutako eta makilatutako zonbiek, aldiz, 10 eta 15 euro ordaindu beharko dituzte. (Horretarako http://survivalzombie.es/eventos/lasarte-oria ataria erabil daiteke).

Dena den, eguna gerturatzen joan ahala, prezioak garestitu egingo dira, eta adin txikikoak tutoreen baimena aurkeztu beharko dutela jakinarazi dute antolatzaileek.