Ohiturak 40 urtez mantentzen

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko ots. 17a, 13:57
Egun handia da gaurkoa Lasarte-Oriako Extremadura Etxearentzat. 1978ko otsailaren 17an hasi ziren beraien ohitura eta usadioak herrira ekartzen. Asteburuan ari dira urtemuga berezi hori ospatzen

Txerriaren hilketa da Extremadura Etxearen ohitura ezagunenetako bat. Gaur goizean zehar aritu dira, txerrikiak erabiliz, probintzia horretako hainbat jaki ezagun prestatzen: hestebeteak, txorizoak, migak... Prestatu bitartean, hamaiketakoa ere egin dute, giro ederrean. Elkarteko kideek lagun izan dituzte Jesus Zaballos alkatea eta Jose Mari Urdanpilleta zinegotzia.

Txerrikiak erabili dituzte produktuak egiteko. Elkarteko hainbat kide Berrobira joan ziren atzo. 102 kiloko txerri bat erosi, eta hil egin zuten gero. 

Bazkide helduenek euren bilobei erakutsi dizkiete Extremadurako ohitura gastronomikoak; horietako batzuek txorizoak egin dituzte euren aiton-amonekin batera. Ohiturak mantentze aldera, ezinbestekoa da belaunaldien arteko transmisioa. Ongi dakite hori Extremadura Etxeko kideek.

Egun oso berezia da gaurkoa beraientzat: 1978ko otsailaren 17an hasi ziren euren lurraldeko ohiturak ekartzen Lasarte-Oriara. Asteburu honetan ari dira 40. urtemuga berezi hori ospatzen. Ekitaldi-sorta ederra prestatu dute horretarako: herri-bazkaria laster, karaokea gaur arratsaldean eta afari herrikoia iluntzean. Bihar ere ez dira geldirik egongo: Extremadurako postre bereziak dastatuz egingo dute gosari-legea, eta ospakizunak behar bezala bukatzeko, elkarrekin bazkalduko dute, Extremadura Etxean bertan.

Argazki galeria