Talde Aktibista sortu dute, gizarte gaiak lantzeko xedez

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 17a, 10:07
Errefuxiatuen inguruko solasaldia antolatu dute hurrengo asteazkenean, hilaren 22an, Villa Mirentxun

Sorturen birfundazio prozesuan emandako hausnarketen ondoren, Lasarte-Oriako Talde Aktibista sortu dute, herrian ikusi dituzten arazoei eta gai sozialei heltzeko.  Asteazkenean aurkeztu zuten taldea. 
Horrela, hiruhilabeteko bakoitzean gai jakin bat jorratuko dute. Gabonak bitartean errefuxiatuei jarriko diete arreta. "Pil-pilean dagoen gaia izan arren, asko dugu eztabaidatzeko eta hausnartzeko. Gainera, gizartearen erantzun kolektibo bat premiazkoa da erakundeen utzikeriaren aurrean", azaldu du taldeak ohar baten bidez. 

Hainbat ekintza egingo dituzte gai hori lantzeko: hasteko, datorren asteazkenean, hilaren 22an, solasaldi bat antolatuko dute Zaporeak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteetako kideekin. Villa Mirentxun izango da, 19:00etan. Bestetik, abenduan Bilboko portuan dauden errefuxiatuentzat bilketa egingo dute. Zehazki hilaren 4tik 20ra bitartean jasoko dituzte  materialak. 

Talde Aktibistatik dei egin diete herritarrei gai sozial horiek plazaratzeko elkarlanean aritzera. "Talde eta norbanako ororentzat ateak irekita ditugu". Talde Aktibistarekin harremanetan jartzeko ondoko helbidera idatzi daiteke: lasarteoriataldeaktibista@gmail.com