Survival Zombie jokoak berrikuntzak dakartza

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 15a, 13:00
Urriaren 6ko gauean Lasarte-Oria zonbiez beteko da bigarrengoz. Aldaketa batzuk izango dira aurtengo jokoan: sei ordutako iraupena izango du, informazio eta makillaje puntua Loidibarrenen egingo da eta probak kokaleku berrietan izango dira

Gaueko gauaren iluntasunaren jaunak aurten ere zonbiez beteko du Lasarte-Oria. Lehengo urteko arrakasta ikusirik, 1.100 bat pertsonek parte hartu zuten, urriaren 6an, Survival Zombie jokoaren edizio berria egingo da herrian zehar. Ekimena gazte gaueko ekintzen barruan kokatzen da. Helburua gazteek aisia alternatiboaz gozatzeko aukera izatea da. 8.000 euroko aurrekontua izango du. 

Jokoaren dinamika berbera izango da. Antolakuntza aldetik, berriz, aldaketak izango dira. Jokoak ordu bat gutxiago iraungo du, beraz, gaueko 23:00etan hasi eta 5:00etan amaituko da. 

Informazio eta makillaje gunea Loidibarrenen egongo da. "Michelin kirol gunea baino leku zentralagoa da. Azken orduetan, zonbi bilakatzen direnak jokatzen jarraitzeko aukera gehiago ematen du horrek".

Azkenik, kokaleku berriak aztertu dira probak egiteko.

Era berean, jokoaren araudia betetzen zorrotzak izan nahi dute, eta jendeari jokotu bitartean alkoholik ez edateko gogorarazi diete, baita segurtasun neurriak jarraitzeko ere. "Iaz jendea kaleratu zuten". Horregatik, ekimeneko informazio eta araudi guztia Survival Zombieko orrialdean eskuragarri dagoela jakitera eman dute. 

Sarrerak ere bertan erosi ahal dira. Lasarte-Oriako gazteek (15 eta 30 urte artekoek) 5 euroko beherapena izango dute. Aurkezpenean parte hartu nahi dutenei sarrerak lehenbailehen erosteko ohartarazi diete, "prezioa igotzen joango baita".

Honez gain, aurreko zenbakian aurreratu bezala, ehun sarreren zozketa egingo da irailaren 18a baino lehen Gaztelekuan izena ematen duten gazteen artean.

Babeslekuak

Sozioekonomia saileko zinegotzi eta teknikariek, Nuria Fernandezek eta Dioni Avilak, lehengo urteko edizioa herriko ostalaritzaren dinamizazio eta aktibaziorako "ekintza ederra" izan zela aipatu dute. "Jokoa hasi aurretik, tabernetan pintxo potea egin zen eta ostean, gosariak zerbitzatu ziren".

Honetaz gain, asteartean, 11:30ean, Manuel Lekuona kultur etxean ostalariekin bilera egingo dutela jakitera eman zuten. Horretan bizirik dauden pertsonentzat babesleku izan nahi duten tabernak jakinaraziko dituzte.

Aurten ostalariak ez ezik, beste komertzioak ere gonbidatu dituzte babesleku izatera. "Horrelako jokoa interesgarria izan daiteke beste denda batzuentzat ere, hala nola, litxarreria dendak". Era honetara, herritarrak eta komertzioak gonbidatzen dituzte jokoan parte hartzera.