Etxeko sukaldeetatik ihes egiteko aitzakia gutxi izango dituzte aurrerantzean Lasarte-Oriako gaztetxoek. Gazte Klubak antolatuta, sukaldaritza tailerrean parte hartzen ari dira hilabete honetan. Maisu bikainak dituzte gainera; Ane Galardi, Basque Culinary Center sukaldaritza unibertsitateko ikaslea eta Dei Furundarena Cebanc sukaldaritza eskolakoa. Horien aholkuak jarraitu dituzte, eta bikain trebatu dira Ttakuneneako sukaldean.
Maiatzaren 7an ekin diote tailerrari. Amantal dotoreak jantzi eta ausart aritu dira. Galardiren laguntzarekin pasta freskoa egin eta kozinatu dute lehen saioan. Osagai guztiak bildu, eta masa egin dute; ordubetez uztea beharrezkoa denez, etxera eraman dute. Bitartean, pasta laguntzeko tomate naturala egin dute, eta hori ere etxera eraman dute.
Bigarren saioan, enpanadillak
Eskuak ederki zikindu dituzte bigarren saioan, baina ezin gusturago aritu dira horretan ere.
Enpanadillak egiten ikasi dute, nahiz eta batzuk aitortu duten ez dela izan horiek egin dituzten lehen aldia.
Ez da lan erraza. Masa borobilak banatu dizkiete, baina barrua betetzeko lan fina egin dute. Bi motatako espanadillak prestatu dituzte; atuna eta tomatez beteak, eta urdaizpiko eta gaztarenak. Horretarako aurrez atunaren eta tomatearen nahastura prest utzi dute, eta masak betetzeari ekin diote gero. Barruko osagaiek ez alde egiteko, sardeskaz estutu dituzte masak.
Jarraian arrautzak katilu handi batera bota, ondo-ondo nahasi eta eskuak sartu dituzte bertan. Txukun-txukun, behatzak arrautzetan busti, eta enpanadillak arrautzeztatu dituzte. Hamar bat minutuz labean sartu, eta hiruna eraman dituzte etxera. Batzuek, ordea, ezin izan diote tentazioari eutsi, eta baten bat jan dute saioa amaitu aurretik.
Datozen asteetan ere bai
Bi saio horiekin ez da amaitu tailerra. Datozen asteetan ere jarraituko dute ikasten Gazte Klubeko parte hartzaileek sukaldaritzaz.
Isilpean gorde dute datozen saioetan kozinatuko dutena, baina orain arteko saioak ikusita, ziur ezin hobeto moldatuko direla.