Herriko sorginek hilabeteak pasa dituzte aurtengo jaietarako edabe magikoa prestatzen. Gaurtik aurrera, sorginduta dago herria. Lasarte-Oriako Gure Esku Dagok bota du txupinazoa, eta suziria lehertu denean egin du eztanda festak. Gure esku dago Sorgin Jaiez gozatzea. Suziriaren aurretik, bi dantza ikuskizun eskaini dituzte Lasarte-Oriako gazteek, eta horri jarraiki, Oihana Beltranek hartu du hitza Lasarte-Oriako Gure Esku Dago dinamikaren izenean. Horrela, esker hitzak izan ditu Beltranek Sorgin Jaientzat, eta txupina lehertzeari ekin diote gero.
Hainbat koadrila elkartu dira Isla Plazan arratsaldean. Hortik abiatu eta herriko hainbat kale eta taberna zeharkatu dituzte, giro ederrean.
Giro bikaina dago baita ere Pontxo gunean, eguraldia laguntzen ari ez den arren. Antolatzaileek erabaki dute REM institutu paretik Elizatze plazara lekualdatzea kontzertu sorta. Arratsaldeko zazpietan hasi eta oraino rock musika izaten ari da protagonista bertan. Hainbat talde pasako dira oholtzatik, herritarren gozamenerako: Bar Remigio, The Lobsters, O.D.T., The Rokanrol, TxinaTxain eta Rock Kam Broom.
Gauean jarraituko du parrandak. Zaparra eta Skakeo taldeek dantzan jarriko dituzte herritarrak Okendo plazan. Skakeo ariko da lehenengo, 00:00etan. Handik ordu eta erdira ekingo dio emanaldiari Zaparra taldeak.
Hona hemen osatu dugun argazki bilduma