Solano eta Eizmendi, bertsotan Buruntzaldeko txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 9a, 11:45
Lasarte-Oriako Bertso Eskolako 40 bat gazte izan dira Gipuzkoako Eskolarteko Idatzizko Bertsolari Txapelketan

Lasarte-Orian badago bertsotarako zaletasuna; egun badaude bertsolari prestatuak, baina etorkizunak ere itxura ona du. Hori ikusi da aste honetan Hernanin jokatu den Gipuzkoako Eskolarteko Idatzizko Bertsolari Txapelketan. Herriko Bertso Eskolako 40 bat gaztek parte hartu dute, eta horietako bi gailendu dira Buruntzaldeko lehiaketan: Nora Solano eta Maitane Eizmendi. 

Ordubeteko tartea izan dute bertsoak idazteko, eta gero oholtza gainera igo dira kantatzera. Unai Gaztelumendi bertsolariaren eskutik jaso du saria Solanok. Eizmendiri, berriz, Unai Mendizabalek eman dio. 

Harrobia zaintzen arduratzen da Bertso Eskolan Ane Labaka. Hark ere jaso du aste honetan sari berezi bat; Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik master bukaerako ikerketagatik Maria Goyri saria eman dio Euskal Herriko Unibertsitateak. Asteazken goizean Gazteizko EHUko Letren Fakultateko areto nagusian jaso zuen aitortza. Unibertsitate publikoak Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako jardueretako bat izan da.

Labakak Gizarte Antropologikoko masterreko azken proiektu bezala garatu du ikerketa. Jone Miren Hernandez herritarra izan du tutore. "Batetik, genero sistemak kulturan erabiltzen den umorea markatzen duela aztertu dut. Bestetik, emakumeek ezarritako sistema horri aurre egiteko, bertsolaritzan umorea erabiltzen dutela", esan du Labakak.