Soka eta haize instrumentuak eta zarzuela, Musika Astea ixteko

Txintxarri Aldizkaria 2018ko api. 18a, 13:00
'The Ludwig Vans' zazpikotearen emanaldiak eta Sasibil konpainiaren 'La rosa del azafran' zarzuelak itxi dute Musika Astearen VI. edizioa. Herritarren erantzunarekin gustura dira antolatzaileak

Konturatzerako, bukatu da Musika Astearen seigarren edizioa. Danok Kide elkarteak eta Udalak, elkarlanean, egitarau erakargarria osatu dute aurten ere. Pasa den asteburuko bi zitak azpimarratzekoak izan dira: erakustaldia eman zuen The Ludwig Vans zazpikoteak, haize eta soka instrumentuak eskuetan, Brigitarren komentuan. Larunbateko emanaldiak ere sortu zuen ikusmina: La rosa del azafran (Azafraiaren arrosa) zarzuela oholtzaratu zuen Sasibil konpainiak, Manuel Lekuona kultur etxean.

Ganbera musikarekin "maiteminduta" daude The Ludwig Vans zazpikoteko kideak, eta nabaritzen da, instrumentuak hartu eta musika emanaldia hasi zenean. W.A. Mozart eta L. van Beethoven konpositore ezagunen pare bat pieza interpretatu zituzten, leporaino bete zen komentuan: Klarinete eta fagoterako 1go hirukotea eta Haizezko eta harizkoetarako Mi b Maiorreko Septimino obrak, hurrenez hurren. Euren onena eman zuen zazpikoteak: klarinetea jotzen du Itsasne Fernandezek; Tomas Ruti Parrak, fagota; Tomas Ruti Vivarrek, biolina; tronpa jotzen du Eider Gaztañagak; biola jotzen du Imanol Martinezek; Amaia Garciak, biolontxeloa; eta, Josean Gomezek, kontrabaxua. Ikusleek gogotik txalotu zuten musikarien lana.

Maitasun istorio baten gorabeherak

Juan Pedro eta Sagrario dira La rosa del azafran zarzuelaren protagonistak. Nekazaria gizona, eta etxeko andrea emakumea. Bien arteko ezinezko maitasun istorioa kontatzen da lanean, beste hainbat protagonista ere tartean direlarik. Sasibil konpainiak oholtzaratu zuen aipatutako lana, Manuel Lekuona kultur etxean. Herritarrek ez zuten aukera galdu, eta auditorioa betetzera iritsi ez baziren ere, sarrera dezente saldu ziren.

Musika Astearen antolatzaileetako batek, Danok Kide elkarteak, balorazio positiboa egiten du. Lasarteoriatarrek emandako erantzunarekin pozik daudela diote. Musika Astearen arrakasta ikusita, zazpigarren edizioa prestatzen hasteko indarrak hartu dituzte.