Semblante Andaluzen eguna

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 29a, 16:33
Sanpedro eguna bainoago, Semblante Andaluz elkartearena da gaurkoa. Aurtengo omenduak eurak izan dira: aitortza goxoa jaso dute Manuel Lekuona kultur etxean.

"Egunotan galdetu didate ea urduri nengoen txupinazoa botatzea tokatu zaigulako aurten. Atzo ez, baina, gaur, bai. Urduri xamar nago". Horrela hasi da hizketan Jose Perez Acosta Semblante Andaluzeko lehendakaria. Berehala uxatu ditu nerbioak, ordea: bera laguntzera igo dira oholtzara elkarteko kideak. Funtsean, hori da Semblante: beti ondokoari laguntzeko prest dagoen familia erraldoi bat. 25 urte daramatzate hori egiten. Eta gaurkoan urte luzez emandakoa bueltan jaso dute; omenaldi goxoa egin dio Lasarte-Oriako Udalak kultur etxean.

Hitzalditxoak eta esker hitzak ez dira falta izan, baina Semblante Andaluzen ekitaldi bakar bat ere ezin uler daiteke musika, dantza eta alaitasunik gabe. Hori dela eta, oholtza gainera igo dira Semblante Rociero, Gitanillas del Alba, Duende eta Zambra. 

Jesus Zaballos alkateak hartu du hitza ondoren. Bi poeta andaluziarren pare bat olerki errezitatu ditu: Antonio Machado eta Federico Garcia Lorcarenak ziren testuak. Horrekin aski ez eta eskerrak eman dizkio Semblante Andaluzi mende laurden honetan egindako lanagatik. Elkartearen historia ere ekarri du gogora: 1992an hasi ziren lanean. Oraindik egoitza fisikorik ez bazuten ere, gogoak eta ilusioa ez zitzaizkien falta. 25 urteotan asko hazi dira, baina hasierako esentzia ez dute galdu. Hor jarraitzen dute gogoak eta ilusioak, urtean zehar antolatzen dituzten ekintzetan ikus daitekeenez.

Jose Perez Acostak eta Lorena Iñigok hitz egin dute Semblanteren izenean. Nabarmendu dute oso hunkituta daudela aurten jaso duten omenaldiagatik. Orain arte bezala herri biziago baten alde lan egiten jarraituko dutela azpimarratu dute baita ere. Plaka oroigarri bat jaso dute gaur, eta baita Udalari beste bat oparitu ere. Hartzeko, eman egin behar lehenengo. Hortxe Semblanteren beste ezaugarrietako bat.

Bukatzeko, udal korporazioko kideak oholtzara igo eta Lasarte-Oriako ereserkia abestu dute. 

Argazki galeria