#selfieIKT kanpaina abian euskarazko komunikabideekiko dugun harremana ikertzeko

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 23a, 18:19
Euskaldunok komunikabideekiko dugun harremana ulertzeko ikerketa #selfieIKT traolarekin abiatu dute EHU, MU eta DUko hiru ikerlarik, Hekimen elkartearekin elkarlanean.

Xabier Landabidea (DU), Gorka Salces (EHU) eta Koldo Diaz Bizkarguenaga (MU) ikerlariak audientzia ikerketa kualitatiboak egiteko proposamena lantzen ari dira euskal hedabideen elkartearekin, eta ikerketa horren lehen urrats gisa abiatu dute, #selfieIKT kanpaina.

Euskarazko komunikabideen kontsumoa asko aldatu dela begi bistakoa da, eta aldatzen jarraitzen du. Hori dela eta, 2014an, eta Behategirako lortutako diru laguntza bati esker, “Euskarazko komunikabideen kontsumoa eta internet” ikerketa abiatu zuten hiru ikerlariek, Hekimen elkartearekin elkarlanean.

Ikerlarien ustez, Interneten agerpen eta garapenak hartzaile/ kontsumitzaile/ erabiltzaileen ohitura eta esperientzietan eragina izan du, eta egun, euskarazko komunikabideen kontsumoa eta kontsumitzaileak ulertzeko “hurbilketa modu berriak” saiatu behar dira ezinbestean.

Horretarako, eta ikerketaren lehen urrats esperimental bezala, norberaren eta ingurukoen komunikabideekiko harremana eta hedabideen kontsumoa erretratatzeko eskatu diote twitterrreko euskal komunitateari, #selfieIKT kanpainaren bidez, “selfie katea” sortzeko asmoz.

Honako hauek dira kanpainan parte hartzeko arauak:
1. Norberak edo ingurukoek Informazio eta Komunikazioaren Teknologia (IKT)-ekin duen harremana deskribatzea da helburua. (Mezuak umorezkoak ere izan daitezke).
2. Argazki, bideo, irudi, pantaila-argazki, testu idatzi edo beste edozein formatu bidali daiteke.
3. Twitter bidez jasoko dira selfie edo ussie edo theysie hauek #selfieIKT traolarekin

Hurrengo pausua adin, bizi-toki zein Interneteko erabilera ezberdinak dituzten pertsonekin sakoneko elkarrizketak burutzea izango da: Internet aroko euskal gizartearen hedabideen kontsumo motak ezagutzeko eta sakontzeko, hain zuzen ere.

Beraz, ikerketa honi laguntza eskaini nahi badiozu, #selfieIKT bat bidali eta ikerketa honen berri senide eta lagunen artean aditzera eman.