Sei diru-laguntza lerro aurkeztu ditu Udaleko Euskara sailak 2017rako

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 6a, 13:00

2017 urterako diru-laguntza deialdia egin du Udaleko Euskara zerbitzuak. Denera sei lerro aurkeztu ditu, eta momentuz 59.760 euro bideratuko dira. Udalak aurrekontuak onartzen dituenean 68.060 euro izan daitezke guztira.

Euskara ikasteko bekak, udako unibertsitateetan euskarazko ikastaroak egitearenak, aisialdiko begirale eta zuzendari tituluak euskaraz ateratzekoenak, enpresa eta elkarteetako jarduera puntualak euskalduntzekoenak, autoeskoletan gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzekoenak eta Baietz Gurean! programakoenak (hamar langile baino gehiago dituzten enpresen jarduerak euskalduntzea du helburu). 2017rako diru-laguntza deialdian sei lerro horiek aurkeztu ditu Udaleko Euskara batzordeak. Momentuz 59.670 euro bideratzea onartu da, eta igo egin daiteke kopurua, 68.060 eurokoa izateraino, Udalak aurrekontuak onartzen dituenean.

Deialdi horren baldintzen inguruan informatu nahi duen orok hainbat bide ditu horretarako: kontsulta dezake Lasarte-Oriako Udalaren web orrialdea, edo, bestela, gerturatu daiteke Euskara zerbitzura edo telefonoz deitu 943 37 61 84 zenbakira.

Diru-laguntza lerroak

Euskara ikasteko beketara bideratuko du Euskara zerbitzuak diru gehien: 60.000 euro guztira. Ikasleek euren matrikularen %85a finantzatu ahalko dute gehienez. Laguntza hori jasotzeko interesa dutenek dagokien ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunetan egin beharko dute eskaera. Beka jasotzeko, Lasarte-Orian erroldatua egon behar da eta egindako ikastaroan gutxienez % 85eko asistentzia bete behar da. Diruz lagunduko diren ikastaroak hauek dira:  euskaltegiko ikasturtean zeharreko ikastaroa, gutxienez 80 ordukoa (autoikaskuntzakoak ere bai), barnetegia, gutxienez hilabete segidan baldin bada, eta, udako ikastaroak, ikasturtean zehar aurreko ikastaro-mota horietako bat egin duten ikasleen kasuan.

2017ko laguntzetara bideratuko diren ia 70.000 euro horietatik 3.000, berriz, enpresa eta elkarteetako jarduera puntualak euskalduntzeko izango dira. Jardueraren arabera diru kopuru jakin bat emango zaio enpresa bakoitzari; 500 euro izango dira gehienez. Beka hori eskatzeko azken eguna 2017ko urriaren 31 izango da. Laguntza-gaiak hauek izango dira: errotuluak (nagusia eta bestelakoak), kostuaren %50 (300 € gehienez); irudi korporatiboa, kostuaren %50 (200 € gehienez); web-orriak, kostuaren %50 (gehienez 450 €); enpresan euskararen erabilera normalizatzen lagun dezaketen programa informatikoak, kostuaren %50 (gehienez 200 €) eta kanpoko erabilerarako dokumentazioa, kostuaren %50 (gehienez 300 €). 

Baietz Gurean! egitasmoari lotutako laguntzak 2.100 eurokoak izango dira; euskaldundu nahi den jardueraren arabera emango da diru gehiago edo gutxiago. Programaren hitzarmenean adosten dena izango da lerro horretako laguntza eskatzeko epea, Euskara zerbitzuak jakinarazi duenez. Enpresa batek Baietz gurean! egitasmoan parte hartzea erabakitzen duenean, Udalak enpresari neurketa egingo dio eta 100 puntuko tarte batean kokatuko du. Puntu-tartea adierazteaz gain, enpresari proposatzen dio zein neurri har ditzakeen hurrengo puntu-tartera pasatzeko. Jauzi hori Udalak 1. neurketatik urtebeteko epean egingo duen 2. neurketa baten bidez zehaztuko da eta horren arabera emango dio, gainditutako tarteen arabera diru-laguntza:  0-100 puntu-tartetik 401-500 puntura arteko tarte bakoitzarengatik 700€; 401-500 puntu-tartetik 701-800 puntura arteko tarte bakoitzarengatik, 500€; eta 701-800 puntu-tartetik 901-1.000 puntura arteko tarte bakoitzarengatik, berriz, 300€. Sistema hau, Eusko Jaurlaritzak esleitzen dituen Bikain ziurtagirien sistemara egokituta dago.

Aisialdiko begirale zein zuzendari tituluak euskaraz ateratzeko bekak ere egongo dira; 1.360 euro bideratuko dira lerro horretara. Ikasleek, gehien jota, matrikularen erdia ordaintzeko adina diru jasoko dute; begiraleek 250 euro gehienez, eta 150 zuzendariek. Aurreko irailaren 1a eta aurtengo abuztuaren 31 bitartean begirale ikastaroa hasi eta bukatzen duten herritarrek beka jasotzeko aukera dute, baldin eta ikastaroa euskaraz eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izan bada eta alderdi teorikoa gainditu baldin badute.

Gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzeko hautua egiten dituzten ikasleek ere jaso ahal izango dituzte hobariak, gehienez 400 eurokoak. Diru-laguntza lerro horren poltsa 1.200 eurokoa izango da. 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz gainditu dutenek hartuko dute parte Buruntzaldean zozketatuko diren 10 sarietan. 

Eta, azkenik, udako unibertsitateetan ikastaroak euskaraz egin nahi dituztenentzat ere 400 euroko diru-laguntza lerro bat aurkeztu du Euskara Zerbitzuak. Matrikularen %50a ordainduko zaio ikasle bakoitzari, gehienez. Diru-laguntza hori eskatzeko epea urriaren 31n bukatuko da. Bekak soilik matrikulako gastuak estaliko ditu, egoitza, garraio eta antzerako gastuak ez ditu estaliko.