Sasoian daude Sasoetako jaiak

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko urr. 14a, 22:10

Lasarte-Oriako gazte, heldu eta adinekoek primeran pasa dute Sasoetako festetan. Auzoko jaiak berreskuratu ditu Sasoeta Sasoian elkarteak, iragana ahaztu gabe: aurreneko jai batzordeko kide izandako Antonio Arranzek eman du pregoia

Duela bi urte berreskuratu zituen auzoko festak Sasoeta Sasoian bizilagun elkarteak. Nabaritzen da esperientzia hartzen ari direla: gero eta jai hobeak antolatzen dituzte. Andatza eta Jaizkibel plazek hartu dituzte egitarauko ekintza gehienak, baina Sasoetako kale eta bazter guztietara iritsi da festa giroa.

Egitaraua eskuetan hartuta, berehala antzematen da zein den antolatzaileen helburu nagusia: gazte, heldu zein adineko herritarrek parte hartzea, eta, batez ere, disfrutatzea. Lortu dute, beste behin.

"Sasoeta herriko beste auzoen mailan jartzea lortu dugu, lan asko eginda; primerako festak ari zarete antolatzen". Antonio Arranzen hitzak dira. 2016an berreskuratu zituen auzoko jaiak Sasoeta Sasoian elkarteak, baina duela zenbait urte ere egiten ziren. Aurreneko jai batzordeko kideetako bat izan zen Arranz. Omenaldia jaso zuen ostiralean; festetako pregoia eman zuen.

Atsedenik gabeko hiru egun

Txupinarekin batera lehertu zen festa Andatza plazan. Metro batzuetara, musika eta sardina usaina Jaizkibelen: Ttirriki-Ttarrakako kideek girotu zuten ostiral arratsaldea, herritarrek sabela bete bitartean. Gurasoek eta aiton-amonek lasai dastatu zuten arraina, etxeko txikienez gehiegi kezkatu beharrik gabe: gustura ibili ziren txiki-diskoan, dantza eta dantza.

Dantza arratsaldean, eta gauean ere bai: 90. hamarkadako garaiak gogoratu zituzten nostalgikoek, Jaizkibelen egindako disko festan. Zezensuzkoaren aurrean korrika ere egin zuten.

Asteburu ekitaldi ikusgarriena atzo arratsaldeko bat izan zen: danborrada. Jaiekin batera berreskuratu zuten ohitura hori. Dozenaka herritarrek parte hartu zuten, Andatza plaza goraino betez. Kirolak ere izan zuen tokia egitarauan: zunba saioa egin zuten Saito gimnasiokoek, eta parkour tailerra eskaini Iñaki Lasaga gazteak. Gauean, zezensuzkoa eta kontzertua, Cafe Irlandes orkestraren eskutik.

Gaur indarrak zeuzkaten oraindik auzotarrek, eta patata tortila txapelketa antolatu zuten Jaizkibel plazan. Eguraldi txarrak ez zuen zapuztu azken festa eguna. Barrikoteko sagardoa edanez bukatu zituzten jaiak.

Argazki galeria