'Sare' egitasmoa aurkeztu dute Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2014ko abe. 19a, 22:11
Ekainaren 15ean aurkeztu zuten Sare egitasmoa Donostian, "euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko sare herritarra". Herriz herri hedatzen ari da apurka-apurka. Lasarte-Oriara ere iritsi da: gaur arratsaldean egin dute aurkezpen ekitaldia.

Hipodromoko zubian hasi da gaur arratsaldeko aurkezpen ekitaldia. Zehatzago esanda, Hipodromoan bertan hasi da, bertatik etorri baitira egitasmoari buruzko informazioa eman duen furgoneta bat, kriseilu eta argiak zeramatzaten herritarrak eta hainbat kidek osatutako dantzari talde bat.

Zubian elkartu dira bi taldeak, eta lerro luze bat osatuz Okendo plazarantz bidea hartu dute; bertan prest zegoen jada eszenatokia, aurkezpen ekitaldiko ekintza nagusiak bertan egiteko. Oholtzara igo baino lehen, bost kidek egindako dantza ikusi dute herritarrek plazan. Txalo zaparrada luzea jaso dute dantzariek, eta Maider Galardi eta Lide Arroyoren txanda etorri da ondoren. Bi kanta abestu dituzte: '564' eta 'Urtaroak'. Maider Galardik jarri du ahotsa, Lide Arroyok gitarra jotzen zuen bitartean. Txalo artean agurtu dituzte herritarrek horiek ere.

Sare egitasmoa azaltzen

Ordura arte erabat bisuala izan da aurkezpen ekitaldia: dantza, kriseiluen argia, musika emanaldia... Horren ostean iritsi da lasarteoriatarrei Sare herritarra zer den azaltzeko unea. Mailu Arruti herritarrak aurkezpen txiki bat egin eta Teresa Toda Sareko kideari eman dio hitza, egitasmoaren nondik-norakoak esplikatzeko.

"Hunkitu" egin dela adierazi du Todak, herritarrek prestatutako aurkezpenarekin. Lasarteoriatarrek eskainitako emanaldiak eskertu ditu Todak, eta adierazi du ezinbestekoa dela herritarren parte-hartzea egitasmoa aurrera eramateko: "“Herritarrik gabe, egitasmoak ez luke zentzurik izango". Aipatu du "oso garrantzitsua" dela sarekide guztien elkarlana, egitasmoaren helburuak aurrera eramateko.

"Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko sare herritarra gara, eta presoen dispertsio politikaren amaiera eskatzea da gure erronka orokorra", azaldu du Todak. Era berean, zehaztu du dispertsio politikaren amaiera eskatzea ez dela "ezker abertzalearen kontu bat soilik", eta "herritar guztien" zeregina dela, dispertsio politika "Giza Eskubideen urraketa gisa" ulertu behar baita, ez "kontu ideologiko gisa". 

Teresa Todaren azalpenen ondoren, Xumela abesbatzakoekin batera abestuz eman diote amaiera gaurko aurkezpen ekitaldiari. Horren ostean, hainbat herritar sarekidetu egin dira dagoeneko, egitasmoan izena emateko Sareko kideek prestatu dituzten mahaietan.