Santi Arrozpide espetxeratzeko agindu du Entzutegi Nazionaleko Andreu epaileak

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urt. 20a, 14:24
Entzutegi Nazionaleko Fernando Andreu epaileak Santi Arrozpide espetxeratzeko agindu du "ihes egiteko arriskua" dagoela argudiatuz. Egozten zaizkion bi atentatuen epaiketak "berehala" izango direla esan du Andreuk eta "pena handiak" jaso ditzakeela ikusita, asteartean baldintzarik gabeko espetxe zigorra ezarri zion. Arrozpidek ez zuen deklaraziorik egin nahi izan.

Iker Urbina abokatuak jakinarazi duenez, Madrilgo Soto del Real espetxera eraman dute herritarra. Urbinak uste du "laster" egingo dela epaiketa, nahiz eta "helduleku juridikorik" ez duen ikusten horretarako, "ezta prebentiboki atxilotzeko ere".

Astearte iluntzean Sortuk elkarretaratzea egin zuen Okendo plazan, 'Aski da! Errepresioari stop' lelopean. Alderdi abertzaleko kideek berriro ere salatu dute Gobernua "elektoralki" jokatzen ari dela "trikimailu juridikoak" erabilita. "Santi Arrozpidek kartzelan bete beharreko urte guztiak beteak ditu, gertatzen dena da epaileengan presio handia egiten duela Gobernuak eta biktimak lasaitu nahi dituztela gisa honetako neurriekin", adierazi zuten.

Atxiloketa

Astelehen goizeko 9:50 inguruan atzeman zuten herritarra, San Pedro eliza parean. Lasarte-Oriako erdigunean atxilotu zuten, udaletxetik gertu. Lekukoen arabera kalez jantzitako polizia kaputxadun batzuek atxilo hartu zuten Arrozpide eta eraman egin zuten auto batean sartuta. Momentu horretan beste bi lagunekin zihoan Arrozpide. Operazio azkarra izan zen, herriko kaleetan ez zen ez medioen ez poliziaren presentziarik antzeman. Arrozpide bizi den etxe inguruko merkatariek aipatuzuten ez zutela ezer berezirik ikusi gaur goizean.

Auzitegi Nazionaleko 4. Instrukzio Epaitegi Zentralaren aginduz atxilotu zuten, akusazio berriak tarteko. 1986an Madrilen eta 1987an Bartzelonan atentatu bana egin izana egozten diote Arrozpideri. Atentatu horretan pertsona bat hil zen. Hilabete eta erdi egin du aske Santi Arrozpidek, espetxean 27 urte bete ondoren. Barne Ministerioak adierazi du Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak elkarlanean burututako atxiloketa izan dela.

Sortuk deituta, manifestazioa

150 lagunek egin zuten bat astelehen iluntzean Lasarte-Oriako Sortuk iluntzean deitutako manifestazioarekin. Bidean 'Santi askatu!', 'Errepresioa ez da bidea!', 'Euskal presoak, etxera!' aldarriak oihukatu zituzten Okendo plazan, txalo artean, mobilizazioari amaiera eman aurretik. 

Ezker abertzaleko kideen esanetan, "trikimailu juridikoetan" oinarritutako "mendeku politika" bati erantzuten dio Santi Arrozpideren atxiloketak eta herritarra "humanitarioki egoera onartezina" bizitzen ari dela salatu dute. Horregatik, familia eta lagunei "babesa" agertzeko eskatu diete herritarrei.