Santa Ana azoka eta pintxo lehiaketa, igandean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko uzt. 18a, 19:22
Eskutik helduta iritsiko dira aurten bakailao pintxo lehiaketa eta artisautza azoka. Sei tabernatan jarriko dute salgai pintxo tradizionala. Bestalde, goizez eta arratsaldez artisauek beteko dute Okendo plaza eta inguruan, eskuz egindako produktuekin

Santa Ana eguna ailegatzeko ez da apenas ezer falta. Lasarte-Orian ongi ospatzen da egun hori. Meza, dantza, pala txapelketa eta parodian murgildu ohi dira herritarrak uztailaren 26an. Baina hori baino gehiago ere bada. Esaterako, Aterpeak Santa Ana pintxo txapelketa antolatuko du uztailaren 22an, igandean. Egun berean, Sendoki elkarteak azoka egingo du 34. aldiz.  

Herrian giroa eta mugimendua sortzeko asmoz batu dituzte Aterpeak eta Sendokik bi ekitaldi horiek. Modu horretan, eskulangintza azoka eta pintxo batzuk tartekatu ahal izango dituzte bisitariek. 

25. urteurrena ari da ospatzen Lasarte-Oriako dendarien eta ostalarien elkartea. Urtemuga ekitaldi horien barruko ekitaldia da Santa Ana pintxo txapelketa, Ramon Ormazabal elkarteko presidenteak esan duenez. "Bakailao eta osagai tradizionalez egindako Santa Ana pintxoa izango da". Goizean eta iluntzean aurkitu ahalko dira pintxoak ondoko tabernatan: Eguzki taberna, Txartel kafetegia, Viña del Mar, Bar Yolanda, Arkupe taberna eta Buenetxea. 

Bestalde, Santa Anako azoka tradizionala egingo dute igandean. 34. aldiz egingo dute azoka hori. Hiru gune nagusi izango ditu: batetik, Mercero gunea; bestetik, Okendo plaza bera; eta, azkenik, udaletxeko arkupeak. 
Merceron elikadurako 26 postu izango dira, produktu naturalekin. Gazta, hestebeteak, euskal pastela, kontserbak, baratxuriak,  erroskillak, taloak, pateak, cava, eta ukenduak egongo dira salgai. "Euskal kola freskagarriaren kolaborazioa ere izango dugu", esan du Ormazabalek; Sendoki elkarteko kide ere bada. 

Arkupetan, berriz, Lasarte-Oriako artisauek ezarriko dute postua. Zurgintzako postuak, ehoziriak,  Biyak Bateko taldea, Ganboko misiolari eta Erretinosi Pigmentarioen Gipuzkoako Elkartea izango dira gune horretan. Azkenik, Okendon 24 artisau jarriko dira: zapatagintza, larrugintza, bitxigintza, harri lanketa, larruzko pilotak, makilak, arropak... 

Horrez gainera, tailerrak antolatuko dituzte, bai helduentzako zein haurrentzako. 10:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara egongo da irekita. Izan puntu Euskaraldia-ren postu bat ere izango da, ahobizi eta belarriprest-ek izena eman ahal izateko. Aurten erabaki dute azokan inor ez omentzea, "zaila delako sukaldariak erakartzea".