San Silvestrea, beste festa handi bat izateko prest

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 21a, 16:45
Urteko azken egunean mozorroen jai handi batean parte hartzeko gonbitea egin dute antolatzaileek. TXINTXARRI-k eramango du 1 dortsala, eta Jalgune laguntzeko egingo dute goizeko pintxo-potea

Urteko azken eguna elkarrekin igarotzeko proposamena egin dute San Silvestreko antolatzaileek. Lasterketa lehiakorra ez, baizik eta lagun eta senide artean ondo pasatzeko proba da Lasarte-Oriakoa. Horregatik indar handiagoa jartzen dute mozorro onenen sarian, lasterketakoarenean baino. Herritik herriarentzat eginiko lasterketa dela aldarriaktu dute antolatzaileek. Horren erakusgarri, San Silvestre lagundu duten negozioen kopurua: 86 guztira. Edonola ere, lasterketa guztiak bezala, beharrezkoa dituzte laguntzaileak. Horretarako prest dagoena, harremanetan jarri daiteke antolatzaileekin: info@sansilvestrelasarteoria.com

Sei kilometroko lasterketa da San Silvestre, edozeinek bukatzeko modukoa. Ipar martxakoen ibilbidea zertxobait motzagoa da. Goizeko pintxo-potearen ondoren, 15:00etan egingo dute beroketa. Ordubete geroago hasiko da lasterketa. Antolatzaileek mozorrotuta joateko proposamena egin dute. Trafiko mozketak egongo dira, baina ez dute asko iraungo. Bost eurotan hartu daiteke dortsala Kirolprobak atarian. Hilaren 29, 30 eta 31n Mercero gunean egongo dira; hor ere eskuratu ahalko da dortsala, baina garestiago. Opari eta zozketa mordoa iragarri dute antolatzaileek.