San Silvestre lasterketa arrakastatsua Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2015ko abe. 31a, 22:20
Lehenengo aldiz egin da San Silvestre lasterketa Lasarte-Orian abenduaren 31ean. 600 pertsona inguruk hartu du parte. Mozorrotuta eta jai giroan aritu dira asko.

Urteari amaiera kirola eginez ematea erabaki du herritar askok. Izan ere, erantzun bikaina jaso du I. Lasarte-Oriako San Silvestre lasterketak. Guztira 649 pertsonak hartu zuen parte, 89k Ipar Martxa modalitatean. Halaber, lasarteoriatar ugari arduratu da froga antolatzeaz. 25ek osatu dute antolakuntza batzordea, eta beste 60ek lagundu zuten lasterketa egunean.

Korrika egindako frogan Raul Gomez Margallo eta Mari Carmen Olaso izan ziren garaile. Oscar Gandiak eta Iraitz Arruabarrenak osatu dute podiuma gizonezkoen lasterketan eta Amagoia Fernandez de Lezeak eta Maddi Sainzek emakumezkoetan.

Ipar Martxari dagokionez, Agustin Urretabizkaiak eraman zuen garaikurra. Arantxa Astigarraga eta Alex Ramos izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

Mozorro onenak ere saria eraman zuen. Lehen edizio honetan Javier Martinezek lortu zuen jantzirik harrigarriena. Bestalde, 70 urterekin, Pili Arrozpidek irabazi zuen beteranoarenaren garaikurra.

Hala ere, irabazleek soilik ez zituzten sariak etxera eraman. Guztira, 85 opari zozketatu zituzten parte hartzaile guztien artean. Horietako asko, kolaboratzaile ziren 76 establezimendu, enpresa, taberna eta merkatariek oparituta.

Isaac Farré argazkilariak egindako irudien galeria galeria ikusi ahal da esteka honetan