San Sebastian egunera itxaron gabe

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 19a, 19:41

Herriko ikastetxeetan danbor hotsak entzun dira arratsaldean zehar. Sasoeta-Zumaburuko ikasleak hiruak pasatxo hasi dira, eta lauetan Landaberrikoak. Giro ederrean jo dituzte danborrak guztiek

San Sebastian egunera itxaron gabe, bezperan astindu dituzte danborrak herriko ikastetxeetako ikasle eta irakasleek. Asteotan entseatzen ibili dira, gogotsu, eta gaur erakutsi dute euren trebezia. Eguraldi txarra tarteko, batzuek ezin izan dute aurreikusitako tokietan jo, baina horrek ez dizkie ahoetatik irribarreak kendu.

Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Haur Hezkuntzakoak izan dira jotzen lehenengoak. Hiruak pasatxo hasi dira, euren geletan. Musika topera jarri, danborrak eta txanoak soinean jantzi, eta ospakizun honetako doinu ezagunak jotzen hasi dira: Donostiako Martxa, Realaren ereserkia, Iriyarena, Tatiago eta baita Lasarte-Oriako ereserkia ere. Doinu bertsuak entzun ahal izan dituzte herritarrek emanaldietan.

Eguraldi kaskarra tarteko, Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko LHko neska-mutilek gimnasioan eskaini dute emanaldia. Ikasle kopurua handia denez, toki gehiago edukitze aldera, gurasoek kanpotik jarraitu behar izan dute danborrada.

Garaikoetxea-Landaberri ikastetxekoek, aldiz, patioan jo dute, aterpea daukatela baliatuta. Guraso eta lagunek ez dute gaztetxoek eskainitako danbor erakustaldia galdu nahi izan. Sakelekoarekin grabatu du batek baino gehiagok.

Zubieta ingurutik ere iritsi dira danbor hotsak herrira. Landaberri LHko ikasleak anfiteatroan aritu dira, urtero legez. Gainontzeko ikastetxeetan bezala, Sarriegiren doinuak jo dituzte, ikus-entzuleen txalo artean.

Argazki galeria

Bideoteka