San Sebastian bezpera ospatu dute herriko ikastetxeek

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 19a, 12:41
Danborrak, makilak, sukaldari jantziak eta kolore txuri-urdinek girotu dituzte ikastetxeen San Sebasian egun bezperako jaialdiak.

Urtarrilaren 20a egun handia izan ohi da Donostiarrentzat; San Sebastian eguna. Baina Lasarte-Oriako ikastetxetako haur eta gazteek ere bere egin nahi izan dute ospakizuna, eta ederki astindu dituzte danborrak egun handiaren bezperan. Jantzi dotoreak soinean, Sarriegiren doinuez bete dituzte ikastetxetako patio eta herriko Zumaburu plaza ere.

Danborrada txikiak

Sasoeta-Zumaburuko txikiak izan dira danborra jotzera animatu diren lehenak. Eguraldia lagun, Zumaburu plazan bildu dira, eta bertan eskaini dute emanaldia.

San Sebastian martxa, Tatiago eta Iriyarena doinu ezagunak jo dituzte plazara, emanaldiaz gozatzera gerturatutako senitartekoen gozamenerako.

Sasoetako patioan ere izan ziren danbor-joleak. Lehen Hezkuntzako gaztetxoek ere danbor doinu ezagun ugari eskaini zizkieten bertan bildutako ikus-entzuleei.

Garaikotxea eta Landaberri eraikinetako ikasleek ere ez zuten hutsik egin urteroko zita honetan, eta danbor jole gazteek bete zituzten bi eraikinetako patioak. Goizeko ikastorduekin amaituta, arratsaldean egin zioten omenalditxoa Donostia egunari eta zuzendariek gidatuta,  ederki jo zituzten hauek ere Sarriegiren doinuak.

Asko izan ziren herriko gazteak animatu eta ikustera gerturatu ziren guraso zein senitartekoak, eta giro ezin hobean ospatu zuten egun handiaren bezpera.

Hona hemen Txintxarrik bildutako argazkiak eta bideoak.