Lasarte-Oriako udalak San Pedro jai parte hartzaileak antolatu nahian aurten ere Jaietan Blai! prozesua aurrera eramango du.
Honen bitartez, herritarrek San Pedroetan egin daitezkeen ekintza berriak edo musika taldeen izenak proposatu ahalko dituzte. Elkarte edo lagun kuadrillarekin zerbait antolatu nahiez gero ere, proposamena egin daiteke.
Omendua
Bestalde, San Pedro Jaietako omendua ere proposatu ahal dute herritarrek. Udalak jakitera eman duenez, Lasarte-Oriaren alde lan egin duen pertsona edo kolektiboa proposatu daiteke.
Herritar bakoitzak proposamen bat egin ahalko du, eta hautagaitza hori aintzat hartzeko arrazoiak azaldu behar ditu.
Parte hartu
Bi modu daude udalari ideiak helarazteko: etxeetan banatu den eskuorria bete eta udal eraikinetako parte hartze postontzietan sartu edo udalaren web orrian egitea.
Ekintzetako proposamenak martxoaren 20ra bitartean jasoko dira; omenduen izenak berriz, apirilaren 20a baino lehen helarazi behar dira.
Lasarte-Oriako Festak sailak proposamenak egitera gonbidatzen ditu herritarrak.