Amaitu da 2017. urteko San Pedro jaiak iragartzeko kartel lehiaketan lanak aurkezteko epea, eta abiatu da, berriz, aurkeztutako lanak aukeratzeko tartea.
Lasarte-Oriako Udalak jakitera eman duen moduan, 19 lan ezberdin aurkeztu dira aurtengo lehiaketara, eta horien inguruko herritarren iritzia jakin nahi dute orain.
Horretarako, epe bat zabaldu da jada, eta maiatzaren 20ra bitarte izango dute lasarteoriatarrek aurkeztutako lanen inguruko balorazioak emateko aukera. Behin-betiko erabakia Gazteria eta Festak batzordeak hartuko badu ere, herritarrek emandako bozka guztiak kontuan hartuko direla gehitu du udalak.
Aurkeztutako 19 kartelak, lasarteoriasarean.eus web-atarian ikus ditzake interesa duenak, eta horien inguruko iritzia eman ahal izateko, berriz, sanpedrojaiak@lasarteoriasarean.eus helbidea jarri du udalak herritarrek eskura. Horrela,kartelen inguruko iritziak bidal daitezke posta-elektroniko baten bidez, aipatu helbide horretara.
Behin maiatzaren 20a pasata, jakitera emango du Lasarte-Oriako Udalak aurtengo festetako kartel iragarlea.