San Pedro jaiak baloratu ditu Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 2a, 12:00
Festak bukatu ostean, balorazioen ordua izan ohi da. Horixe bera egin du Alkatetzak San Pedro jaiekin. “Jai-giroa egon da presente etengabe egunotan. Ekintzetan gogotsu hartu dute parte herritarrek; txupinazoetatik hasi, Manuel Lekuona kultur etxeko ekintzetatik pasa eta kalekoetaraino”.

“Altua” izan da ekintzetako parte-hartzea Udalaren esanetan. Haren iritziz, horrek erakusten du herritarrek “oso barneratuta” dauzkatela San Pedro jaiak. “Herritar askok kalean esan didate oso gustura daudela ekintzen mailarekin, bai tradizionalengatik eta baita berriagoak direnengatik ere”, adierazi du Jesus Zaballos alkateak.

“Eragile eta lasarteoriatar askoren lan eskergarengatik izan ez balitz, San Pedro jaiak ez lirateke arrakastatsuak izango. Haiek ahalbidetzen dute egitarau zabal eta anitz bat prestatzea urtero”, nabarmendu du alkateak.

Omenduei aipamena

Biyak Bat erretiratuen elkartea eta Ostadar SKT omendu ditu Udalak aurten. Alkateak aipatu du herriaren historiaren parte direla bi elkarte horiek, eta aitortza “merezitakoa” izan dela: “Lan asko egiten dute bi elkarteek egunero, adinekoen bizi-kalitatea hobetzen batzuek eta herriko kirola sustatzen eta garatzen besteek”.

Festak bukatu direnetik egun pare bat besterik igaro ez badira ere, datorren urteko jaiak prestatzen hasi nahi du Udalak: “Dagoeneko ditugun ekintzak hobetu eta proposamen berriak sartu nahi ditugu, bigantxen ikuskizuna berreskuratzearen modukoak”. Alkatearen aburuz, “beharrezkoa” da herritarrek San Pedroak prestatzeko lanetan kolaboratzen jarraitzea eta festak eurenak direla sentiaraztea, horien diseinuan parte hartzeko aukera emanez.