Festaz festa jarraitzen dute txokoetako umeek. Sanpedroak duela astebete bukatu ziren baina udako ospakizunak hasi besterik ez dira egin. Sanferminak lehertu ziren atzo Iruñean, eta bertako giroa ekarri dute txokoetako antolatzaileek gurera. Ongi pasa dute gaztetxoek gaurko ekintzetan parte hartzen.
Zezenen aurrean lasterka egin aurretik beroketa ariketak egin dituzte gaztetxoek, Marimototsen laguntzarekin. Ondoren, txupina bota eta festa lehertu da. Korrika batean joan dira neska-mutilak Okendo plazarantz, zezenengandik ihesi. Enparantza horretan hainbat minutuz ibili dira korrika eta algaraka animalia horien aurrean. Bildutako egunkariekin uxatzen saiatu dira baita ere.
"San Ferminetara, ongi pasatzera..." hasten den abestia ere kantatu dute, gogotsu. Kantak dioena bete dute gaur goizean.
Entzierroko irudiekin argazki galeria egin dugu.