Saltoki handiei jarritako moratoria txalotu du EH Bilduk

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 19a, 20:52

Merkataritza gune handien hedapenarengatik "kezka" agertu dute Lasarte-Oriako eta Usurbilgo ordezkariek

Irundik Usurbilera arteko lur eremuan 206.000 metro karratu hartzen dituzte saltoki handiek. Eta EH Bilduk ohartarazi duenez, erabakiak azkar ez badira hartzen azalera hori bikoiztu daiteke. Joan den astean Eusko Legebiltzarrak hiru hilabeteko moratoria bat ezartzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, Lurraldeko Plan Sektorial berria onartu artean. "Txalotu egiten dugu erabakia. Lasterketa zoro honekin amaitu behar da". 

Lasarte-Oria eta Usurbilgo EH Bilduko ordezkariek agerraldia egin dute, merkataritza gune handien hedapenak "kezkatuta". Haien ustez, egoera "paradoxikoa da", bat ez datorrelako "nabarmentzen ari den ereduaren krisiarekin". Izan ere, gune horietako asko ixten ari dira.

Haatik, Lasarte-Oria inguruan hainbat proiektu jarri dituzte martxan. EH Bilduren ustez, "presazko tramitazio horiek" ezegonkortasuna sortuko dute."Linbo juridiko honekin amaitu behar da". Horregatik, alderdiak legebiltzarraren erabakia goraipatu du, eta espero du herri inguruan ezartzekoak diren multinazionalen proiektuak geraraztea, "marko berri bat egon arte". EH Bilduk legebiltzarrean sartutako moratoriaren mozioa Podemosek eta PPk babestu dute. Ez, ordea, EAJk eta PSE-EEk.

Egunotan dendari txikien aldeko eskuorriak banatuko dituzte, herritarrak informatzeko.  Haien esanetan, berebizikoa da saltoki handien eta dendari txikien arteko orekari eustea. "Merkataritza txikia sektore estrategikoa da, ekonomiari bete-betean eragiten dio". Udaletatik saltoki handien hedapena baldintzatu daitekeela azaldu dute, udal ordenantzen bidez.