Mendebaldeko Saharari elkartasuna adierazteko egunak izango dira otsailaren 21a, 27a eta martxoaren 3a. Ekintza bereziak antolatu ditu egun horietarako, Euskal Herriko Lagunak Mendebaldeko Saharakoekin bat taldeak. Horrela jakinarazi du Tomas Arruti elkarteko kideak, elkartasun egunetako egitaraua aurkezteko egindako pren-
tsaurrekoan.
Emakumeak izango dira nagusi hilaren 21ean. Lasarte-Oriako Talde Aktibistak antolatuta, Sahara eta Azerbaijan, emakumeen begiradatik hitzaldia izango da, Manuel Lekuona kultur etxean, 19:00etan. Horretan, Garazi Hach Embarek eta Tarana Karimek bi lurralde horietako gatazkak ekarriko dituzte Lasarte-Oriara.
Hilabete amaieran, otsailaren 27an, Maroko Saharatik at, independentzia Sahararentzat lelopean, elkarretaratzea egingo dute. 19:30ean izango da hitzordua, Okendo plazan.
Martxoaren 3an, 14:00etan, saharar bazkari bat egingo dute, Kale Nagusiko Furia Beltzan. Bertara joateko, aldez aurretik tiketak erosi beharko dira. Hamabost euro balio dute, eta Kale Nagusiko edota Pablo Mutiozabal kaleko Furia Beltza tabernatan erosi ahal izango dira. Menua ere ezagutarazi dute: harira, kous kousa barazkiekin, arkumea saharar erara prestatuta eta postrea, kafea eta edaria izango dira. Antolatzaileek gonbita luzatu diete herritarrei elkartasun ekintzetan parte hartu dezaten.