Arratsaldeko 15:00 jarri dute erretzen gaur gaueko afariko zikiroa. Ttakun Kultur Elkarteak antolatuta, lasarteoriatar askorentzat tradizio bilakatu den zikiro afaria egin dute gaur, Okendo plazan. Gaueko 22:00ak heldu, eta, ordu luzez kozinatutako zikiroa jateari ekin diote herritarrek, giro onean. Guztira 130 lagun bildu dira Okendo plazako arkupeen azpian afariaz gozatzera.
Bapo afaldu eta sabelak bete ostean, danbor eta barril soinuak entzun ahal izan dira herriko kaleetan barrena. ATLO taldearen eskutik, urteroko ohiturari jarraiki, Okendo plazatik abiatu dira danbor eta barril jotzaileak, txarangaren doinuek lagunduta eta herrian barrena ibili dira. Horren aurretik, omenaldia ekitaldia ere egin dute. Aurtengoan, Buenetxea eta Abend tabernetako jabeak omendu ditu Lasarte-Oriako danborradak, eta horiekin batera, aipamen berezia egin nahi izan diete herriko zentro zibikoko emakumeei, hauek baitira danborradako jantziak josten dizkietenak.
Danborradak jarritako giroari eutsi asmoz, 00:00etan, Skakeo musika talde lasarteoriatarra igo da Okendo plazako oholtzara, eta, zenbait doinu ezagun jo ditu bertan bildutako ikus-entzuleentzat. Hauek amaitutakoan, Zaparra musika talde usurbildarraren txanda izan da. Bitartean, ordu berean hasita, Stylo Music taldeak musika emanaldia eskaini du Isla plazan. Talde hauek arduratu dira San Pedro bezperako gaua goizeko ordu txikietara arte luzatzeaz arduratu direnak.