Opera bat zineman. Ez da antzezlekuan ikustea bezala, baina antzeko esperientzia izan daiteke. Egungo euskarri digitalek ikus-entzunezkoa kalitate onean bistaratzeko eta entzunarazteko ahalmena dute. Obra batez gozatzeko aukera paregabea eskaintzen dute, eta, gainera, baditu beste abantaila batzuk: prezioa. Lasarte-Oriako Udaleko Kultura sailak, Danok Kide gurasoen elkartearen laguntzarekin, opera denboraldia hasiko du, datorren asteazkenean. Rigoletto izango da eskainiko duten lehen lana. Sarrerak 7,5 euro balioko ditu aldez aurretik erosten badira. Unean bertan hartuz gero, berriz, bederatzi euro.
Kultura sailak herriko ikus-entzuleak kontuan hartuta abiatu du zikloa. Eta ohitura moduko bat ezarri nahi dute; hileko bigarren asteazkenean izango dira emanaldiak, otsailetik maiatza bitartean. "Kultura eskaintza asteburutik atera nahi dugu, astegunetan ere aukerak emateko", azaldu du Juantxi Ugarte kultur etxeko teknikariak.
Herritarren erantzuna ikusita erabakiko dute emanaldi gehiago eskaini edo ez.
Danok Kide
Jesus Mari Egizabal Danok Kideko ordezkariak eman ditu programaren xehetasunak. Musika klasikoa eta opera zalea da, eta programa ontzen lagundu du. Bilboko Euskalduna jauregiko operak ikustera joaten da askotan. "Zinema digitalari esker, ematen du opera barruan zaudela, oholtza gainean". Operak zuzenean ikusteko aukera askorik ez dago inguruan; askotan Bilbora joan behar izaten du. Alde horretatik, kultur etxeko prezioa "onargarria" dela uste du: "Ideia bat egiteko; Bilbon sarrera merkeenak 54 euro balio ditu, eta laugarren solairuan eserarazten zaituzte, eszenatokitik oso urruti".