Reggae doinuak larunbatean Elebeltzen

Txintxarri Aldizkaria 2015ko aza. 25a, 12:30
Reggae musikaren topagune bilakatuko da larunbat honetan Kotxeras auzoko Elebeltz. ‘Reggae Fever’ izeneko irratsaioa sustatze aldera, antolatzaileek goizeko ordu txikietara arte iraungo duen jaialdia prestatu dute, hainbat musika talde eta DJrekin. 5 euro balio dute sarrerek; larunbatean erosi ahalko dira Elebeltzen bertan.

70. hamarkadako Jamaikako Reggae doinu klasikoak lantzen ditu Reggae Fever irratsaioak. Astero-astero egiten dute programa eta Info7 irratian emititu, ostegunero 23:00etan; igandeetan errepikatzen dute gero, 12:00etan. Reggae Fever-en edukiez gozatzeko, Donostialdeko entzuleek 99.2 frekuentzia sintonizatu behar dute (eskualde eta probintzien arabera aldatuz doaz frekuentzia horiek). Irratsaio hori sustatzeko xedez prestatu dute antolatzaileek larunbat honetako jaialdia. 7. denboraldia du aurtengoa Nafarroan grabatzen den irratsaioak.

Elebeltzeko kontzertuak 22:00etan hasiko dira, baina giroan sartzen hasteko aukera edukiko dute zaleek hori baino lehen, Elurtza tabernan Charlie Mondadientes eta Ritxi Skatalite DJek saioak eskainiko dituzte arratsaldeko seietatik bederatzietara bitartean.

Ondoren, Elebeltzera abiatuko dira, topagunean prestatu dituzten kontzertu eta DJ saioez gozatzera. Sarrerak sartu baino lehen erosi beharko dituzte zaleek, Elebeltzen bertan, 5 eurotan. 21:45ean irekiko dituzte ateak.

22:00etatik “indarrak agortu arte” luzatuko da larunbateko reggae festa. Bilbomatiks, Zartako-K eta Q Aren’t Ones taldeek eskainiko dituzte kontzertuak. Amaitzean, Sir Gorka eta Naken Selektor DJek saioak eskainiko dituzte zaleen gozamenerako.

Antolatzaileek lasarteoriatarrak zein inguruko herrietako biztanleak gonbidatzen dituzte jaialdira. Zehaztu dutenez, Tafallatik (Nafarroa) autobus bat antolatu dute bertako hainbat zalek. Giro ona bermatua egongo da larunbatean.