Rafa Diez besarkatu du Lasarte-Oriak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abu. 17a, 23:28
Sei urte eta erdi preso egon ondoren, ongietorria egin diote jaioterrian Rafa Diez LABeko buruzagi ohiari. Indarrak metatzeko deia egin du, independentziaren alde aldaketa soziala eragiteko. Kartzeletan Euskal Herritik urrun dauden gainerako presoak izan ditu gogoan, batez ere Lasarte-Oriakoak.

Argazki bat gutxiago dago dagoeneko Xirimiri elkartean. Rafa Diez jaioterrira itzuli da kondena oso-osorik beteta, eta harrera jendetsua eta hunkigarria egin diote Okendo plazan. “Ez dut hitzik azaltzeko oraintxe bertan sentitzen dudana”. Okendo plaza jendez bete da. Haurrek, gazteek, helduek, zaharrek… denek ikusi eta entzun nahi izan dute Diez. Baita ukitu eta besarkatu ere. Oholtzarako bidean giza korridore bat egin diote, ikurrinak eta LABen banderak alde banatan. Baita euskal presoen aldekoenak ere. Oholtzara iristeko ez zituen 100 metro baino gehiago, baina denbora behar izan du ezker abertzaleko militante historikoak tarte hori betetzeko. Txalo zaparradaren artean, eta txalapartaren doinuak lagunduta, alde batera eta bestera muxuak eta besarkadaz banatuz egin ditu metro horiek. Hemen ekitaldiko argazkiak.

Familiak lagunduta egon da uneoro. Naike eta Maitane Diez seme-alabak, Dolores Usabiaga ama eta Josune Urruzola emaztea oholza gainean izan dira. Izan ere, berebiziko garrantzia dute preso politikoen senitartekoek, eta halaxe aitortu du Diezek ere. “Goraipatzekoa da preso guztien familiek jokatzen duten rola, egiten duten lana eta ahalegina. Ezinbesteko euskarria izan dira; gertutik nabaritu dut herriaren lotura”.

Liher Unanue ezker abertzaleko herriko kideak espreski eskertu die Naike Diezi eta Josune Urruzolari egindakoa. “Horri esker eutsi dio Rafak herriarekiko loturari. Ahotsa jarri diete Rafaren hitzei, eta espetxera eraman dituzte Lasarte-Oriakoenak”. Ixiar Arteaga alderdikidea ere “pozik” agertu da, “bisitak, kristalen atzeko bilkurak, telefonoak eta bidaiak” amaitu direlako.

Euskal presoak oso present izan ditu Diezek ekitaldi osoan. Imanol Vicente El Duesoko kartzelan (Santoña, Kantabria) utzi duen kidearentzako hitzak izan ditu; azken lau urteetan izan du lagun. Eta Kepa Del Hoyo kartzelan hildako presoaren kasua deitoratu du, eta espetxe politika “hilgarria” salatu. “Bahiketa politikoa da PPko gobernuak egiten duena. Presoen eskubideak urratzen ditu interes politikoen mesedetan”. Helburu argia du estrategia horrek, Diezen ustetan: “Euskal Herriko bake prozesua eta prozesu politikoa baldintzatu nahi dute”. Del Hoyoren sendiari egunotan egin dizkioten elkarrizketek erakusten dute, haren aburuz, dispertsioak eragindako sufrikarioa. Del Hoyo zenari mezua helarazi nahi izan dio: “Ez dakit Kepa non egongo haizen. Baina Euskal Herriak babestuko ditu zure senitartekoak. Eta zure ametsak betetzeko borrokan jarraituko dugu”.

Diezek salatu du bere atxiloketarekin Espainiako Gobernuak helburu berbera zuela. 2009ko urriaren 13an atxilotu zuten, LABeko egoitzan, haren aurkako atxilotzeko agindurik ez zuten arren. Beste hamar lagun ere atxilotu zituzten orduan. Diezek ez ezik, Arnaldo Otegik, Miren Zabaletak, Sonia Jacintok eta Arkaitz Rodriguezek ere osorik bete dituzte kondenak.

Hain zuzen, Diez zen Bateragune auziko azken espetxeratua, ama zaintzeko 17 hilabete egon baitzen aske baldintzapean. “Estatuak nahi zuen ezker abertzalea zatitu, prozesua gerarazi. Horregatik atxilotu gintuzten. Baina ez dute lortu, eta ez dute lortuko ezker abertzalearen proiektu politikoa geraraztea”. Ezker subiranistaren estrategia aldaketa sustatu zuteneko bat izan zen Diez. “Estrategia aldaketa horrek unionismoa eta estatua ahuldu dute”. Eta norabide aldaketa horren etekinak aipatu ditu, Gasteizko zein Iruñeako gobernu unionisten porrotak, esaterako.

Preso egondako sei urte eta erdian hil diren gertukoetaz oroitu da. Kartzelan ez baitu aukera izan pertsona horiei azken agurra emateko. Asko pentsatu eta hausnartu du ziegan. “Ezker abertzaleko kide bezala, prest nago iraganari buruz hitz egiteko, eta hutsegiteak onartzeko. Baina oso harro nago azken 42 urteetan ezker abertzaleko militante izateaz”.

Harro dago, baita ere, ezker abertzaleak hartutako norabideaz. Orain, autonomismotik independentziara jauzia emateko garaia dela deritzo. “Lizarra-Garaziko trena, Loiolatik eta Ibarretxe planatik pasa zena, bideratu egin behar dugu” Horretarako, ezinbestekotzat jotzen du filosofia politiko korronte ezberdinak batzea. “Dispertsatuak daude orain”. Izan ere, El Duesoko talaiatik Diezek nabaritu du “harrotasun sano falta bat”. Hori iraultzeko, Euskal Herriko indarrak prozesu baten alde jarri behar direlakoan dago.  

Edonola ere, baikorra da. “Euskal Herrian badaude aldaketa sozialerako indarrak”. Sindikalgintzan, ELA eta LAB sindikatu abertzaleek osatzen dute gehiengo sindikala hamarkada batzuetatik hona –Diez bera izan zen horren bultzatzaileetako bat-. Alor sozialean, femenismoa, euskararen aldeko eta presoen aldeko borroka, eta Gure Esku Dago jarri ditu adibidetzat. Eta alor instituzionalean emandako aurrerapausoak ere ekarri ditu gogora: herri elkargoa sortu dute Ipar Euskal Herrian; Nafarroan gobernu aldaketa gauzatu da; eta Eusko Legebiltzarrean erabakitzeko eskubidearen aldekoak gehiengoak dira, eta independentistak bigarren indarra. “Sindikalismoaren, alor sozialaren eta erakundeen indarrak integratu behar dira. Palanka berriak sortzen baditugu, ilusio kolektiboa piztuko da”.

Lasarte-Oriako beste euskal presoak oroitzen amaitu zuen ekitaldia Diezek. Xanti Arrozpideren, Javi Gallagaren, Ibon Fernandezen, Pello Eskisabelen eta Aitzol Iriondoren argazkiak daude oraindik Xirimiri elkartean.