Hasi da erronka

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko aza. 24a, 18:09
Hizkuntza ohiturak aldatzeko 11 eguneko ekimenean murgildu da Lasarte-Oria asteburuan. Iritsi da Euskaraldia herrira; koloretsua izan da hasiera ekitaldia

Mary Jong ikuskariak esan du: Lasarte-Oriak dauzka koloretako puntu gehien. Gurea da Guiness errekorra. Euskaraz gehien aritzearen errekorra lortuko dugun ala ez ikusteke dago oraindik, baina ez da izango herritarrak saiatzen ari ez direlako. Kazetariaren irudipena izango da akaso, baina esango luke atzo arratsaldetik gehiagotan entzuten duela euskara kaleetan, tabernetan, plazetan eta toki guztietan. Hori da hasi berri den Euskaraldiaren funtsa: hizkuntza ohiturei astinaldi bat ematea eta bakoitzak bere buruari erronka hori jartzea. Abenduaren 3ra arte eramango dituzte Euskal Herri osoko biztanleek Ahobizi eta Belarriprest txapak. Baina Euskaraldiaren sustatzaileek ez dute nahi dena hamaikagarren egunean bukatzea. Amets Arzallus bertsolariak behin eta berriro esaten du hamabigarrena izango dela egun garrantzitsuena.

Duela bi urteko Euskararen Maratoia eta gero egindako ariketaren oihartzuna nabaritzen da oraindik. Ia 3.000 pertsonak eman dute izena Euskaraldian aritzeko. Horietako asko egon dira Okendo plazan egunotan, hasiera ekitaldi koloretsuaz gozatzeko. Ane Igartipuntu aurkezle famatuak eman zuen txapinazoa, atzo arratsaldeko zazpietan. Hamaikakoko kideek lagunduta, koloretako globo bana lehertu zuten, hamabi kontatzeraino. Orduan lehertu zen festa. Bien bitartean, lanean ari ziren boluntarioak, azken orduan izena eman nahi zutenei laguntzen eta dagoeneko emana zutenei txapak banatzen. Konfetiak Okendo plaza hartzerako motorrak bero zituzten hamaikakoko kideek, 17:30ean jarri zirelako martxan: kontatu zuten zer den Euskaraldia beraientzako, eta, hegazkin laguntzailez mozorrotuta, Euskaraldian parte hartzeko jarraibideak eman zituzten. 

Hainbat diziplina igo ziren plazako oholtza gainera: bertsoak, antzerkia, musika eta dantza, besteak beste. Hasiera ekitaldia ez zuten galdu Earra! bertso eskolak, Kukuka antzerki eta dantza eskolak, Erketz dantza taldeak eta herriko ikastetxeetako neska-mutilek. Denek jarri zuten hondar aletxoa hasiera ekitaldiari distira emateko.

Safri Duo, bukatzeko

Letrarik ez duen abesti bat lasarteoriatarren bihotzera sartu zen duela bi urte: Safri Duo taldearena da. Presente egon da Euskaraldiaren lehenengo egunetan ere. Agus Mujikak sasoian jarraitzen duela erakutsi du beste behin, eta dantzan jarri ditu Okendo plaza. Hasiera ekitaldia ezin zen hobeto bukatu.

Askorako eman du goizak: Porrotx pailazo bihurriak hankaz gora jarri du Okendo, bere hitz-joko, broma eta magia trukoekin. Musika eta dantza ere ekarri ditu: 'Euri Tanta' dantzatu dute aurrena, eta 'Pausoka, pausoka' gero, Jalguneko lagunekin batera. Horrezkero gorputzak berotuta zituztenez, gustura egin dute dantza Ttirriki Ttarraka taldeak eskainitako erromerian. Ostean, Xumela abesbatzako kideek euren errepertorioko onena eskaini dute. Safri Duorekin bukatu baino lehen, 'Egiozu euskaraz' eta 'Ahoa bizi-bizi' abestien erritmora kantatu eta dantzatu dute guztiek. Puntual hasi da Euskaraldia: iritsi da erronka Lasarte-Oriara. Ez daitezela soilik 11 egun izan.

Ostiraleko argazki galeria

Larunbateko argazki galeria

Bideoteka