"PSE-EEren ordenantza fiskalak" onartu dira

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 6a, 10:15
Funcasen aurrikuspenaren arabera, %1,5 igoko dira hainbat tasa. 5. edukiontziko erabiltzaileek %20ko hobaria izango dute, betiere, baldintza batzuk betetzen badira. EAJ, PP eta Ahal Du Lasarte-Oria abstenitu dira, eta EH Bilduk aurka bozkatu du

2019. urteko ordenantza fiskalak onartu dituzte asteazkenean egindako ez ohiko udalbatzarrean. Horien bitartez, udal zerga eta tasek %1,5eko igoera izango dute. Funcas Aurrezki Kutxen Fundazioak abuztuan egindako aurreikuspenean oinarritu da gobernu taldea.

Salbuespen izango dira, eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga; ekonomia-jardueren gaineko zerga; estolderia tasa; Manuel Lekuona kultur etxeko sarrerak; eta Kontentu eguneko zerbitzua. Tasa eta zerga horiek izoztu dira.

Igoera handiena zaborren tasan dago: %5. Gobernuaren hitzetan, zerbitzuaren estaldura kontuan izan da hori zehazterakoan. 

Ordenantzetako berrikuntza handiena da 5. edukiontziko erabiltzaileek %20eko hobaria jasango dutela, betiere baldintza batzuk betetzen badira. 

Lehenik, udalak zehaztutako birziklapen kopurura iritsi beharko da Lasarte-Oria: 2018an %46; 2019an %48; eta 2020an %50. Hori lortuz gero, urtean zehar 40 aldiz edo hilabetean lau aldiz organikoaren edukiontzia erabiltzen duten herritarrek jasoko dute hobaria. Beherapena hurrengo urteko zergan egingo zaie. "Herria kontzientziatzeko neurria da", esan du alkateak.  

Kiroldegiko abonamendua, berriz, %2  igoko da. Etxebizitzen gainbalioak ere %3,93ko igoera izango du. 

Moldaketa bat ere badago: etxeko laguntza zerbitzua. Egun bi tarifa daude (egunekoa eta jai egunetakoa), eta berri bat ezarriko da (gauekoa). Gainera, eguneko tarifa orduko %6,98 eta jai egunetakoa, berriz, %12,66  jaitsiko da.

Bestetik, Aterpearekin adostuta, herriko komertzioek kaleko erabileraren tasa ordaindu beharko dute, haien produktuak kalean jartzen badituzte. Salbuetsita geratzen dira ornamenduzko elementuak, horiek jartzeko baimena badute.

Udalbatzarrean hamabi emendakin egon dira mahai gainean, EAJk bi emandakini uko egin ostean. EH Bilduk ordenantzak izoztea eskatu du, baina ez hori ezta oposizioko alderdien beste emendakinik ere ez da aurrera atera. Azken orduan txertatutako Aterpearekin landutako emendakina izan da onartu den bakarra, PSE-EE, EAJ eta ADLOP alderdien aldeko botoei esker. 

EAJ eta EH Bildu bat etorri dira haien bozkaren azalpena ematerakoan: "Ez da inolako lanketarik egon alderdiekin, eta hainbat gaik lanketa berezia behar dute". EAJk eskatu du zerga eta tasen berrikuspena eta sistema berritzea. EH Bilduren hitzetan, "PSE-ren ordenantzak onartu dira".